Literatura

Ur Apalategik jasoko du euskarazko narratiba arloko Euskadi Literatura Saria

Epaimahaiak idazle lapurtarraren 'Fikzioaren izterrak' lan bilduma saritu du. Haur eta Gazte Literatura dagokion saria, berriz, Miren Agur Meabek eskuratu du, eta gaztelaniazko narratiba alorrekoa Jon Bilbaok.

Berria -

2011ko urriak 20

Ur Apalategik jasoko du Euskadi Literatura Saria euskarazko narratiba alorrean, Fikzioaren izterrak ipuin-bildumagatik. Haur eta Gazte Literaturari dagokionez Miren Agur Meabek eramango du saria Errepidea lanagatik. Bestalde, Jon Bilbao, Bajo el influjo del cometa lanarengatik saritu dute gaztelaniazko narratiba arloan.

Ur Apalategiren liburua zazpi ipuinek osatzen dute. Bertan, aurretik landutako bi gairen inguruan egiten du gogoeta  idazleak: euskal literatura eta bikoteen arteko harremanak.

Gainontzeko Euskadi Sariak urriaren 3an ezagutarazi zituen Eusko Jaurlaritzak: euskarazko literatur itzulpena, Karlos Zabalarentzat Zubi bat drinaren gainean lanaren itzulpenagatik; literatura lanaren ilustrazioa, Iban Barrenetxearentzat Bombástica Naturalis lanagatik; gaztelaniazko saiakera, Iñaki Ugarteren Diarios 1999-2003 lanarentzat; eta euskarazko saiakera, Joseba Sarrionandiarentzat Moroak gara behelaino artean? lanagatik.

Azkeneko sari honek, ordea, eztabaida ugari eragin ditu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak iragarri zuen Literaturako Euskadi sariaren irabazlea izateagatik Sarrionandiari dagozkion 18.000 euroak "atxiki" egingo zituela, "saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Horrek, Sarrionandiaren familiaren zein kultur eragile askoren haserrea ekarri du, baita epaimahaiarena ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna