bide politiko eta demokratikoak

Ezker abertzalearen apustu estrategiko berriaren emaitza

2009ko azaroan bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apustuari ekin zion, herenegun ETAri jarduera armatua uzteko eskatzeraino. Hona hemen ezker abertzalearen apustuaren bilakaera: datak, agiriak eta esanak.

Ezker abertzaleko kide ugari 2009ko azaroan Altsasun.
Ezker abertzaleko kide ugari 2009ko azaroan Altsasun.

Enekoitz Esnaola -

2011ko urriak 21

BI URTEKO PROZESUA

2009ko azaroa. Altsasuko adierazpena.

2010eko otsaila. Zutik Euskal Herria adierazpena.

2010eko ekaina. Ezker abertzalea-EA akordio estrategikoa.

2010eko iraila. Gernikako Akordioa.

2011ko otsaila. Sortu alderdiaren estatutuak.

2011ko maiatza. Bildu koalizioa (EA, Alternatiba eta ezkertiar eta abertzale independenteak). PDFan Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia

2011ko ekaina. Arnaldo Otegiren eta beste auzipetuen deklarazioak 'Bateragune auziko' epaiketan, estrategia berria berretsiz.

2011ko iraila. Amaiur koalizioa sortzeko akordioa (ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba)

2011ko urria. Zutik Euskal Herria zehazten adierazpena.

2011ko urria (18). Nazioarteko Konferentziako ebazpenari "babes osoa eta irmoa" eman zion ezker abertzaleak (bere adierazpena).

2011ko urria (20). ETAk jakinarazi du borroka armatua behin betiko utzi duela.

---

ESANAK

2009ko azaroa. Altsasuko adierazpena.

- "Alde bakarreko erabakia, prozesu politiko baketsu eta demokratikoa, eta indarkeriarik eta esku-hartzerik gabekoa, Mitchell senatariaren printzipioei jarraituz".

- "Konfrontazioa eremu politikora". 

- "Indar metaketa bideratzea, Euskal Herriaren nazio aitorpena eta autodeterminazio eskubidearen aitorpena lortzeko".

2010eko otsaila. Zutik Euskal Herria adierazpena.

- "Estrategia eraginkorra gauzatzeko, Ezker Abertzaleak ildo politikoa eta baita jarduera ere egunerokoan argitu behar ditu".

- "Altsasuko Adierazpena berresten dugu gure oinarri sozialaren babes zabal-zabalarekin; argi eta garbi erakutsi du aldaketa politikoa gauzatzeko eta prozesu demokratikoaren bidetik ibiltzeko Ezker Abertzaleak duen borondatea".

- "Fase berriari ekiten ari gara, eta horrek estrategia eta lanabes berriak eskatzen ditu". 

- "Eremu politiko eta instituzionalean eta, jakina, gatazkaren konponbiderako akordio politiko erabakigarria lortzeko alderdien mahaian ordezkaturik izateko, eragile politiko legal baten beharra".

2010eko ekaina. Ezker abertzalea-EA akordio estrategikoa.

- "Herriaren atxikimendua eta mobilizazioa izango dira gure bitartekoak Euskal Herriaren independentzia lortzeko".

- "Soilik bide baketsu, politiko eta demokratikoekiko gure behin betirako konpromiso irmoarekin eta eragileen arteko elkarrizketarekin lortuko da akordio politikoa".

2010eko iraila. Gernikako Akordioa.

- "ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa". 

- "Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza". 

- "Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea". 

- "Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori".

- "Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea". 

- "Gai politikoak konpontzeko, soilik bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzea". 

- "Elkarrizketa eta negoziazio politikoa dakartzan prozesua".

2011ko otsaila. Sortu alderdiaren estatutuak.

- "Gainerako eragile politiko, sozial eta sindikalekin gure ekarpena egiteko borondatea eta nahia azaltzen dugu: edozein motatako indarkeria behin betiko eta guztiz desagertzeko, ETA erakundearena bereziki; indarkeria eta terrorismo ororen ondorioak gainditzeko, bakearen, justiziaren eta euskal gizartea adiskidetzearen mesedetan; azken hamarraldietan gure herrian izandako indarkeria mota guztiek utzitako biktima guztiak onartzeko eta haiei ordaintza emateko".

- "Azken batean, alderdi politikoak bide politiko eta demokratiko hutsekiko konpromiso irmo eta argia du, eta hori ez dago lotuta kontu taktikoei eta unean unekoei". 

- "Gure proiektu politiko eta antolatzailearen estrategia independentista eta sozialistan ez dago lekurik inolako indarkeriazko ekintzatarako".

- "Kontua ez da legez kanporaturiko erakundeak berreraikitzea eta eraberritzea, baizik eta bereizketa zehatz bat eta zalantzarik gabeko haustura bat mamitzea horiei dagokienez".

- "Herritarren atxikimendua, mobilizazio demokratikoa, borroka ideologikoa eta parte-hartze politiko eta instituzionala izango dira lan politikorako haren tresna bakarrak".

2011ko maiatza. Bildu koalizioa. (PDFan Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia)

Bilduk bere aurkezpenetan esana:

- "Edozein indarkeria gabeko egoera batera, benetako demokraziara iristeko aukera defendituko du Bilduk".

- "Une historiko honetan gure asmoa izanen da bestelako agertoki bat lortzea eta bakebidean jartzea Euskal Herria. Horretarako ezinbestekoa da pertsona guztien eskubideak errespetatzea; giza eskubideak, eskubide zibilak, eskubide politikoak eta eskubide sozialak, alegia".

- "Oso garrantzitsua ideologia desberdineko jendea proiektu berean biltzea, demokrazia sendotu egiten baitu".

2011ko ekaina. Arnaldo Otegiren eta beste auzipetuen deklarazioak 'Bateragune auziko' epaiketan, estrategia berria berretsiz.

Arnaldo Otegi:

- "Guk bi helburu genituen: ezker abertzalean eztabaida bat hastea eta ezker abertzalearen estrategia errotik aldatzea; hau da, osoko zuzenketa bat egitea orduko estrategiari".

- "Elkarrizketa prozesuetan indarkeria erabiltzeak edo indarkeria mehatxuak irtenbideak eman beharrean enkistatu egiten ditu, eta konponezin bihurtzen ditu. Dinamika hori hautsi beharra zegoen, indarkeria errefusatu egin behar da".

- "ETAk uste du posible dela indarrak biltzea borroka armatuarekin, eta guk ezetz uste dugu".

- "Gure estrategian, militarraren 'm' hori [militarra] soberan dago eta traba egiten du".

Rafa Diez:

- "Debate horretan sartu eta iraganeko egoera hautsi beharra zegoen. Ezinbestekoa zen sakoneko eztabaida egitea eta ezker abertzalearen estrategia auzitan jarri, tutelajerik gabe, autonomiaz, eta egun iritsi den tokira iristea, behin betiko bakea eta irtenbide demokratikoak lortzeko asmoz".

2011ko iraila. Amaiur koalizioa sortzeko akordioa.

- "Espainiako hauteskunde hauetan izango dugun parte-hartzea bat etorriko da egun bizi garen prozesu politikoaren fasearekin. Fase horren ezaugarri nagusia aldaketa politiko eta soziala bultzatu beharra da, eta hori garatzeko bidea
behin betiko bake prozesua izango da, Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko izaera politikoko gatazka historikoari konponbide demokratikoa emateko".

- "Bakea eta normalizazioa aldarrikatuko ditugu Gernikako Akordioak jasotzen dituen baldintza guzti-guztien defentsa, sustapen eta garapen osoaren arabera".

- "Euskal Herriaren gehiengoaren eskariari erantzun egiten dion hautagaitza bateratua aurkezten diogu euskal gizarteari".

2011ko urria. Zutik Euskal Herria zehazten adierazpena.

- "Prozesu Demokratikoa, Zutik Euskal Herrian esan genuen bezala, tresna bat da, gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko tresna, hain zuzen ere. Gatazka konpontzea helburu izanda, Prozesu Demokratikoa estrategia independentistaren 1. fase bilakatzen da. Estrategia osoaren garapenaren baitan ulertu behar dugu".

- Estatuak gatazka politikoaren konponbidera behartu beharko ditugu, eta aldebakarreko urratsetatik aldebikoetara igarotzeko bidea egin beharko dugu"

- "Anoetako eskemari jarraikiz, elkarrizketa eta negoziazio esparruak honako bi hauek dira: Euskal Herriko eragile politikoen artekoa eta ETA eta estatuen artekoa".

- "Negoziazio politikoen helburua proiektu politiko guztiak, independentzia barne, egingarri bihurtzeko adostasuna lortzea litzateke".

2011ko urria (18). Nazioarteko Konferentziako ebazpenari "babes osoa eta irmoa" eman zion ezker abertzaleak (bere adierazpena).

- "Ezker abertzaleak Nazioarteko Konferentziaren ondorio bakoitzarekiko eta guztiekiko babes osoa eta irmoa agertu nahi du, gure herrian garai berri bat zabaltzen dutela ulertzen duelako". [Nazioarteko buruzagiek ETAri armak uzteko eskatu zioten, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei "gatazkaren ondorioez" hitz egiteko. Halaber, alderdiei elkarrizketa politikoa egiteko galdegin zien konferentziak]

- "Ondorioen inplementazioak Euskal Herrian gutxieneko demokratiko adostuen gainean eraiki beharreko eszenarioa finkatzea dakar".

- "Guztion artean elkarrizketa eraikitzailea osatzeko garaia da, nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidean oinarrituriko akordio demokratikoa eskuratu asmoz, herritarren berrespenarekin".

2011ko urria (20). ETAk jakinarazi du borroka armatua behin betiko utzi duela.

2012ko otsaila (27): Ezker abertzalearen autokritika biktimekiko izandako jarreraz (Konponbide haizea dabil adierazpena).

2012ko ekaina (20): Sortu legeztatu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

2015eko apirila (28): EH Bilduren Bakerako Euskal Bidearen aurkezpena.

2016ko urtarrila (12): Sorturen eskaera presoei legedia garatzeko eta prozesu independentista elikatzeko.

2016 maiatza (7): Ezker abertzalearen Abian prozesuko txostenak ebatzi zuen estrategia independentistaren barruan kokatu behar dela gatazkaren ondorioen agenda. (Abian txostena).

2017ko urtarrila (29): Bakerako Euskal Konponbidea dokumentua aurkeztu zuen EH Bilduk. (idatzia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna