grezia

Lukas Papademos da Greziako lehen ministro berria

Europako Banku Zentraleko lehendakariorde izana da. Georgios Papandreuk atzo eman zuen dimisioa, eta batasun nazionaleko gobernua eratu dute. Papademosen arabera, "trantsizioko gobernua" da.

Lukas Papademos.
Lukas Papademos.

Berria -

2011ko azaroak 10

Lukas Papademos da Greziako lehen ministro berria, gaur Atenasen Presidentziaren egoitzan alderdi nagusiek eta berak egin duten bileran erabaki dutenez.

Greziako Bankuko presidente ohia (1985-1993) eta Europako Banku Zentraleko lehendakariorde ohia (2002-2008) da Papademos. Berak aitortu du ez dela politikaria, baina azpimarratu du "bizitza osoa eskaini" izan diola Greziaro.

Georgios Papandreuk atzo eman zuen dimisioa lehen ministro kargutik, eta batasun nazionaleko gobernua eratu dute. Gobernu berriaren helburuak Greziak euroarekin jarraitzea eta eurogunearen bigarren erreskate plana garatzea dira. Papademosen arabera, "trantsizioko gobernua" da. Hain segur, otsailean egingo dituzte hauteskundeak.

"Bidea zaila" izango dela esan du, "baina lankidetza eta kohesioa baditugu arazoak errazago konponduko ditugu".

Zorraren erdia barkatzearen truke, murrizketa gehiago

Urriaren 26ko akordioaren arabera, Greziari zorraren erdia barkatuko diote euroguneko herrialdeek, beste 130.000 milioi euro emango dizkiote bigarren erreskate planean, baina murrizketa gehiagoren truke: pribatizazioak, enplegu publikoa murriztu, soldaten jaitsiera, gastua gutxitu.... Eta bankuak nazionalizatu beharko ditu.

Papandreuk akordio hori greziarren arteko erreferendumera eramareko borondatea azaldu zuen, baina Europaren, G20ren eta Nazioarteko Diru Funtsaren presioen ondorioz atzera egin zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna