italia

Eman du dimisioa Berlusconik

Lehen ministroa gauean Napolitano errepublikako presidentearekin bildu da, arratsaldean Kongresuak eurogunearen neurriak onartu ostean.

Berria -

2011ko azaroak 12

Krisiak Europan aste honetan beste lehen ministro bat bota du: asteazkenean Grezian Giorgios Papandreu eta gaur Italian Silvio Berlusconi. 20:30ean Giorgio Napolitano errepublikako presidentearekin bildu ostean aurkeztu du kargu uztea Berlusconik.

Italiako Kongresuak arratsaldeko bostak pasatxo zirela onartu ditu 2012ko Aurrekontu Legeak —hor eurogunearen murrizketa neurriak jasotzen dira—, eta, ondorioz, denak Berlusconik dimisioa noiz emango geratu dira. Gauean etorri da albistea.

"Legea onartu bezain pronto utziko dut kargua. Lehendabizi, ordea, Europako Batasunarekin ditugun konpromisoak bete behar ditugu", jakinarazi zion Berlusconik asteartean Napolitanori, Parlamentuak konfiantza mozioa aurrera ateratzeko babesa ukatu zionean. 2012ko Aurrekontu Legea onartzeaz ari zen Berlusconi, administrazioaren datorren urteko gastua mugatzeko neurriez gain, zor publikoa gutxitzera bideratutako neurriak jasotzen dituelako lege horrek.

Adierazpen horiek eta gero, nahikoa argi utzi zuen dimisioa eman, emango zuela. Aste honetan bertan izango zenik, ordea, inork ez zuen espero. Normalean, Senatuak eta Diputatuen Kongresuak denbora gehiago behar izaten dute horrelako arauak eztabaidatu eta onartzeko. Baina oraingoan Senatuak aski izan ditu hiru egun legea aurrera ateratzeko. Atzo eguerdian eman zion oniritzia aldeko 156 boto, kontrako 12 boto eta abstentzio batekin. Horrenbestez, Diputatuen Kongresuak gaur bertan aztertu du, eta gaur bertan berretsi du atzo Senatuak hartutako erabakia. Berlusconiri emandako hitza betetzea baino ez zaio gelditu, lankideak agurtu eta etxera joatea. 

Murrizketa neurriek 2014 bitarte 60.000 milioi euro aurreztea ahalbidetuko diote Italiari. Horretarako, BEZ balio erantsiaren zerga %20tik %21era igoko du, langile publikoen soldatak izoztuko ditu, 2026rako erretiroa hartzeko adina bi urte atzeratuko du, zerga iruzurraren aurkako borrokara baliabide gehiago bideratuko ditu eta energia sektorerako zerga berezi bat sortuko du.

Mario Montiri txaloka

Atzo goizean, Senatura iritsi zenean, txalo zaparrada batekin hartu zuten Mario Monti, Europako Lehia gaietako komisario izandakoa. Askok uste dute Monti dela gobernu berria gidatzeko pertsona aproposena.

Italiako legebiltzarkideek bezalaxe, merkatuek are harrera bero egin zioten Montiri, Italiaren arrisku saria ehun puntu jaitsi eta burtsek sekulako goraka izan baitzuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna