Mundua

Kim Jong-il Ipar Koreako presidentea hil da, eta semeak hartuko du agintea

Kim Jong-un semea izendatu dute jada "iraultzaren oinordeko". 30 urte inguru ditu, eta aitak 2008tik prestatu du agintea hartzeko. Suitzan ikasi zuen eta militarrek mesfidantza diote.

Berria -

2011ko abenduak 19

Kim Jong-il Ipar Koreako presidentea hil egin da. Larunbatean hil zen, bidaia batean zela, eta bart ezagutu da albistea, Ipar Koreako telebista ofizialaren eskutik. Agintea Kim Jong-un semeak hartuko du orain. "Tristura hau ausardia bihurtu behar dugu, Kim Jong-un-en gidaritzapean iraultza handiak une zail hauetan arrakasta izan dezan", esan du ohar batean KCNA albiste agentziak. "Kim Jong-un-en agintea segurua eta behin betikoa da", gaineratu du.

Albiste agentziek azaldu dutenez, trenean zihoala hil zen Jong-il. Bihotzekoa izan zuela gaineratu dute. Lehenagotik ere osasun arazoak zituen, eta aginte aldaketa prestatu zuen Jong-un semeak har zezan, horretarako gobernuan aldaketak eginez. Orain dela gutxi arte ez zen semearen argazkirik ezagutzen, eta iaz atera zen aurrerantzean Ipar Korea gobernatuko duenaren lehen argazkia.

Suitzan ikasia

Militarren errespetua irabazi beharko du lehenik Jong-un-ek, aitak teniente koronel izendatu zuen arren, esperientzia gutxi baitu. Suitzako eskola pribatuetan ikasi du Jong-un-ek, Bernan, ezizen batekin, eta adituek diote erreformak egin beharko dituela; begira izango ditu, ordea, militarrak, mesfidantzaz begiratzen baitiote horregatik. 

30 urte ditu, eta Jong-il-en seme gazteena da. Ama dantzaria zuen, Kim Jong-il-en hirugarren emaztea, eta 2004an hil zen minbiziak jota. Kim sendiko hirugarren belaunaldia izango da agintean, Kim Il-sung herrialdea sortu zuenaren biloba baita. Aitak 2008an apoplegia jasan ondoren hasi zen nabarmentzen agintean, Suitzatik 2000n itzuli ostean. 2007an Unibertsitate Militarrean graduatu zen.

Ekonomia eta nazioarteko harremanak, erronka

2010. urtetik ezkonduta dagoelaa uste da, ikasle korear gazte batekin, eta alaba bat ere badutela ere bai. Bere lehen egitekoak ekonomia berpiztea eta nazioarteko harremanak bideratzea izango da. Aurten krisia bizi izan zuten Ipar eta Hego Koreak eta alarma nuklearra piztu zen. Izan ere, Ipar Koreak arma nuklearrak ditu. Horiek bertan behera uzteko, elkarrizketak hasi zituzten bi Koreak, AEBek, Txinak, Errusiak eta Japoniak baina 2009an eten ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna