Bilbok gainezka egin du, bi gobernuei gaurko espetxe politikaren bukaera eskatzeko

"Espainiako eta Frantziako gobernuek bihartik aurrera gatazkaren konponbidean egiazko pausoak ematen hasi behar dute", aldarrikatu du Egin Dezagun Bidea mugimenduak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan. "Dagoeneko ez dago aitzakiarik".

Berria -

2012ko urtarrilak 7

"Bilboko kaleak jendez gainezka jartzea lortu dugu, eta gaur munduak Euskal Herrira begiratu beharra du ezinbestean, euskal presoen eta iheslarien oinarrizko eskubideen errespetua aldarrikatzen duen herriaren gehiengoari". Ondorio hori atera du Egin Dezagun Mugimenduak Bilbon euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazioko ekitaldiko hitzaldian.

Martxa "ikaragarria" aurreikusten zuten antolatzaileek, eta oso gustura amaitu dute. Beñat Zarrabeitiak (Egin Dezagun Bidea): ”Fermin Muguruzak kantatzea bukatu duenean, manifestazioko azkenak artean Zabalburun zeuden [manifestazioburua bukaerara heldu eta 35 bat minutura amaitu du Muguruzak azken kanta]. Lehen datuen arabera, 90.000 lagunetik gora izan dira".

"Espainiako eta Frantziako gobernuek bihartik aurrera gatazkaren konponbidean egiazko pausoak ematen hasi behar dute, euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatzen hasiz", esan dute Egin Dezagun Bideako bi lagunek, udaletxe aurrean.

"Buka dezatela gaurko espetxe politika —mendeku eta errepresioan oinarritutakoa baita—, eta hel diezaiotela gatazkaren behin betiko konponbide prozesuari modu positiboan. Dagoeneko ez dago aitzakiarik, eta ez du egon behar luzamendu gehiagorik". Eskaerak: presoak "eskubide guztiekin" Euskal Herriratzea, zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak eta zigorra beteta izan arren kondena luzatu dietenak askatzea, eta isolamendu nahiz bakartze egoerak amaitzea.

Mobilizatzen jarraitzeko dei egin dute, "aldaketaren giltza euskal jendartearen eskuetan dagoelako".

Ekitaldian, Alaia Martinen bi bertso eta Fermin Muguruzaren bi kanta

17:40etan hasi zen atzoko martxa Casilla paretik, Euskal Herriak konponbidea nahi du. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Bostetarako inguruak jendez lepo ziren.

Eragile politikoen artean izan ziren, besteak beste, Xabier Mikel Rekondo (Amaiur), Pello Urizar (EA), Patxi Zabaleta (Aralar), Oskar Matute (Alternatiba), Rufi Etxebarria, Maribi Ugarteburu eta Pernando Barrena (ezker abertzalea), Joan Tarda (ERC), Adolfo Muñoz (ELA) eta Ainhoa Etxaide (LAB)

Deialdiak jasoa zuen atxikimendu andana adierazgarria zen oso: 15.000 babes baino gehiago; horietatik 600 inguru, nazioartetik. Martxara joateko herrietatik antolatutako autobus kopurua are argigarriagoa da: 300 autobus baino gehiago antolatu dituzte Euskal Herriko txoko guztietatik. Euskal Herritik kanpoko jendea ere izan zen mobilizazioan. Kataluniatik bi autobus etorri ziren, eta Aragoitik eta Madrildik (Espainia) jendea autoetan.

Isila izan zen manifestazioa, oihu batzuk entzun ziren arren. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jarritako baldintzak betetzeko, eta inolako arazorik egon ez zedin, manifestazioa isila izatea erabaki zuen Egin Dezagun Bideak. Helburua manifestazioa jendetsua izatea eta aldarrikapena ozen entzutea zela zioten.

Mobilizazioaren aurretik ibilbide alboko plaza batean Ertzaintzaren 11 furgoneta zeuden, geroago haietako zazpi Autonomia kalean sartu dira, pankartako leloa aurrez iragarritakoa zen ikustera, eta seiak laurden gutxi alderako atera dira ibilbidetik. Ez zen istilurik gertatu.

Udaletxe aurrean bukatu zen manifestazioa, zazpi eta erdietan. 18:55 aldera iritsi zen burua hara, eta ondoren ekin zioten ekitaldiari, irrintzi batekin eta Alaia Martinen bertsoekin. Honek lehen alean herritarren "maitasun guztia" igorri zien presoei. "Denak etxean dauzkagunean kolosala izango da", bota zuen bigarren bertsoaren bukaeran.

Hitzaldiaren ondoren, Fermin Muguruzak bi abesti kantatu zituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna