euskal presoak

Euskal presoekiko "ikuspegi zabalez eta zentzuz" jokatuko du Espainiak, eta ezker abertzaleak "jarrera aldaketa" ikusi du

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan du "banakako bergizarteratzea" sustatuko dutela. "Egoera berriak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko politika inteligentea izango da".

Berria -

2012ko urtarrilak 31

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak jakinarazi du indarkeria utzi nahi duten euskal presoen "banakako bergizarteratzea" sustatuko dutela, legedian oinarrituta. "Egoera berriak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko politika inteligentea izango da". Hala, "ikuspegi zabalez eta estatu zentzuz" jokatuko dutela azaldu du. Ezker abertzaleak "jarrera aldaketa" ikusi du.

Ministroaren arabera, euskal presoen %95ek ETAk ezarritako aginduak betetzen dituzte, eta gobernuak "presoek eta haien senideek pairatzen dute manipulazioa bukatu nahi du". "Beste preso batzuek eman dituzte pausoak" segitzeko dei egin du.

Kongresuan eman du neurriaren berri Fernandez Diazek, eguerdian. PSOEk babesa eman dio, eta CiUk "garai hau baliatzeko" eskatu dio.

Iker Urbina Amaiurreko diputatuak esan du ministroak ez duela berritasunik eskaini, eta azaldu dio "euskal gizarteak bake justua eta benetako demokrazia" nahi duela, "giza eskubideen urraketarik gabekoa". Hala, Espainiako Gobernuko ordezkariari "normalizazio politikoa" sustatzeko galdegin dio: ilegalizazioak bukatzeko, espetxe politika aldatzeko eta biktima guztiak aitortzeko.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideek duela aste batzuetatik Euskal Herriratzea eskatua dute, banan-banan egindako idatzietan, eta, besteak beste, larri gaixorik dauden presoak askatzea ere galdegin dute.

Ezker abertzaleak aldaketa bat ikusi du PPn

Ezker abertzalearen ustez, Barne ministroak "ikuspegi zabalez eta estatu zentzuz" ariko dela esan izana "PPk duen itxikeri jarreraren aurrean aldaketa bat da", Maribi Ugarteburuk arratsaldean adierazi duenez. "Euskal Herrian azken hamarkadetan aplikatu diren salbuespen politikak behin betiko gainditzea suposatu behar du 'ikuspegi zabalez' aritze horrek. Beraz, Espainiako Gobernuak behin betiko eta urgentziaz alboratu beharko luke euskal preso politikoei era kolektiboan ezartzen dien salbuespenezko espetxe politika".

Halaber, "jardun politikoen aurkako jazarpen polizial eta judizial orok eten" egin beharko lukeela esan du ezker abertzaleko eledunak, "legez kanporatzeen eta epaiketa politikoen zikloa itxiz".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna