euskal herria

Euskal kulturaren eta gatazka politikoaren inguruko biltzarra antolatu du Etxepare institutuak Alemanian

Alemaniako Konstantza hirian egingo da euskal sinposioa, Konstanz Unibertsitatean, otsailaren 13an eta 14an. Biltzarrean parte hartuko dutenen artean daude Imanol Murua Uria kazetaria eta Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano edo Iban Zaldua idazleak. Gaur aurkeztu dute biltzar horretako kartela, 'Egunkaria auzia' azaleratuz.

Sinposiaren kartela.
Sinposiaren kartela. / Berria.info

Berria

2012ko otsailak 10

Etxepare Euskal Institutuak eta Alemaniako Konstanz Unibertsitateak euskal kultura eta gatazka politikoa euskal sinposioa antolatu dute otsailaren 13 eta 14rako, Konstazn unibertsitatean bertan. Gaur aurkeztu dute biltzar horretako kartela, Egunkaria auzia azaleratuz.

Iragana ahaztu gabe bakean oinarritutako gizarte bat erakitzea da biltzarraren helburua. Bertan zenbait idazle eta hainbat unibertsitatetako adituak bilduko dira euskal kulturaren eta gatazka politikoaren inguruko alderdi ezberdinak jorratzeko; besteak beste, indarkeriaren lehenaldia eta orainaldia, hizkuntza, soziolinguistika, literatura eta komunikabideak.

Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendariaren esanetan, "biltzarrak euskal gatazkaren inguruan hausnartzeko esparrua eskaintzea du xede, euskarazko literatura idatziak aspalditik mintzagai izan dituen berbaldi narratiboen sorburuan diren gatazkaren sorreraren eta errekonozimendurako politiken inguruan gogoeta egitea".

Biltzarrean parte hartuko dutenen artean daude, esate baterako, Juan Aranzadi, Jesus Casquete, Francisco Letamendia eta Gonzalo Alvarez Txillida historialariak. Horiez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko hizkuntzalariak, hala nola Jose Ramon Uriarte, Maitena Etxebarria, Mari Jose Ezeizabarrena eta Itziar Idiazabal. Imanol Murua Uria kazetaria ere han izango da, baita Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano eta Iban Zaldua euskal idazleak ere. Blanca Urgell Esko Jaurlaritzako kultura sailburua eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ere sinposioan izango dira, Berlinaletik bueltan.

Biltzarrari itxiera Ruper Ordorikaren kontzertu batek emango dio.

Konstanz unibertsitatean euskal ikasketak hartzen ditu barne bertako curriculumean, eta euskal kulturaren ezagutza sustatzen du ikasleen artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna