kultura

Manuel Lasarte bertsolaria hil da

Hamazazpi urterekin hasi zen bertsotan eta 40 urte eman zituen plazarik plaza. Atzo zendu zen, Aretxabaletan. Gaur egingo dituzte haren aldeko hileta elizkizunak, Orioko San Nikolas parrokian, 19:30ean.

Lasarte, Arantzazun.
Lasarte, Arantzazun. Imanol Otegi / Argazki Press

Berria -

2012ko otsailak 13

Manuel Lasarte bertsolari eta idazlea (Leitza, Nafarroa, 1927)  hil zen atzo, Aretxabaletan (Gipuzkoa). Hamazazpi urterekin hasi zen bertsotan, Zaldibarren, eta 40 urte inguru eman zituen plazaz plaza. Gaur egingo dituzte haren aldeko hileta elizkizunak, Orioko San Nikolas parrokian (Gipuzkoa), 19:30ean.

Leitzako Franki baserrian jaio zen Lasarte. Hamabi urterekin Aiara joan zen bizitzera, eta handik, Oriora. Errementaria zen ogibidez, eta bertso munduari dagokionez, ez zuen txapelketetan parte hartu. 

Bertsolari ez ezik, idazle ere bazen, eta hainbat liburu idatzi zituen: Bertso mordoxka (1970), Gordean neuzkanak (1975), Enbor zarraren ezpalak (1995), Kantuaren ordañez (1997), Plaza-gizonak (2005). Azken hori Antonio Zabalak Auspoa sailean argitaratu zuen, eta Zabalaren iritziz, Lasarteren bertsoek eta prosak ageriko zuten "aita batenak" zirela, "Lasarte bi arlo hoietan maixu" baitzen.

"Errima aberatsa, hizkuntza bortxatu gabea, ezti kutsuz betetzen gaituena, eta erraza baina errazkeriaren erori gabea" zen Lasarteren idazkera. "Bertsolari bezain prosagile bikaina da Lasarte", zioen Zabalak. Argitalpen horiekin batera, Lazkao Txikiren eta Uztapideren inguruko liburu bana idatzi zuen, 1994an eta 1999an, hurrenez hurren. Beranduko lanak (bizitza eta bertsoak) autobiografia 1993an argitaratu zuen Auspoak.

Iñaki Zubizarretaren Manuel Lasarte. Iturria ondare liburuko hitzaurrean jaso zutenez, "sufrimendutik sortutako obra" zen Lasarterena, eta harrigarria, "eskolarik eza, lan nekagarria eta osasun urria" kontuan hartuz gero. Liburuan, Lasarte "seme zintzoa, lanean hezia, oinazeak zaildua, bertsolari paregabea, guraso arduratsua, aitona karinosoa.."; guztiak aurki daitezke.

1971n Bertsolari Egunean omendu zuten —orain Bertso Eguna izenarekin ezagutzen denean—. 2006ko Bertso Egunean 60ko hamarkadan hasitako bertsolariak omendu zituzten; tartean, Lasarte bera. Hamarkada hartan, Uztapide eta Basarrik zabaldutako bidetik jarraitu zuten Lasartek, Joxe Lizasok, Joxe Agirrek, Imanol Lazkanok, Lazkao Txikik, Mattinek, Xalbadorrek, Jon Azpillagak, Jon Lopategik eta beste hainbestek. Honako bertsoa kantatu zuen Kursaalean, saioaren amaiera aldera:

Ikusten degu bertso saioak / indartzen dihoazela/ Pentsatzen nuen hemen entzule/ ugari bilduko zela/ Nik ere berriz esagai daukat/ pozik etorri naizela/ Zuenganako det maitasuna/ zuek neretzat bezela.

2005ean Arantzazuko Gandiaga Topaguneak Manuel Lasarte: bizitza eta sorkuntza erakusketa eskaini zion. Aurkezpenean esandakoak jaso zituen Ainara Gorostitzu BERRIAko kazetariak: "Hitz gutxi egingo dut, ez nago umorez jantzia: Beste askorekin bezala, zorretan gelditzen naiz zuekin, eskerrik asko. Bizi naizen artean ez naiz zuekin ahaztuko. Gazteak badatoz, zaharrak joango garen bezalaxe, ni konforme. Jarrai dezagun elkarri maitasuna ematen ahal dugun arte. Eskerrik asko".

2007an Lasarteri buruzko erakusketa bat zabaldu zuen Iruñean EKE Euskara Kultur Elkargoak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna