Nestor Basterretxea (artista)

"Sorkuntzak defenditzen nau heriotzan gehiegi pentsatzetik"

Eskultura "oso Euskal Herrikoa" dela dio Basterretxeak, eta eskultore gisa da gehienbat ezaguna, arte molde ia guztiak landu arren. Lanean jarraitzen du, bere zahartzaroari forma eta espazioa, eta denbora ere, eman nahian. Txillida eta Oteizaren arteko besarkadari kritika egin dio BERRIAko 'Igandea' gehigarriari emandako elkarrizketan.

Nestor Basterretxea.
Nestor Basterretxea.

Irune Lasa -

2012ko martxoak 5

Gerlari zaharrak horrelakoak dira. Irabazitako batailak, galdutako gudak gogoratuz bizi dira. Atzera haiekin haserretzen, pozten, hunkitzen... Sufritutakoak, maitatutakoak. Lagun, adiskide, etsaiak gogoratuz. Konkistak zenbatuz.

Beti izan dela samurra, hala dio Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924). Beti gustatu zaiola samurtasuna. Eta horrela eskaintzen du irribarre abegikor tolesgabea. Gizon garaia, irmoa, indartsua... gerlari zahar bilakatu da. Hori bai, adi gerlari zaharrekin: ez dirudi, baina beti daude gudarako prest. 

Hezueria izan berri du —"aberatsen gaitza dela diote, kar-kar"—, eta ibiltzean min egiten dio hankak. Egongelako mahaian eserita dago, marrazten.

Lanean?

Ezin naiz egon ezer egin gabe; nire adinean gehiegi pentsatzen da heriotzan, eta horretaz sorkuntzak defenditzen nau gehien. Orain, Bilboko Arte Ederren museoan egingo dudan erakusketa antologikoa prestatzen ari naiz [2013ko maiatzean egitekoa].

Ederra museoa.

Bai, bai. Hantxe daude Euskal Kosmogoniako hemeretzi originalak, dohaintzan. Euskal Herriko museo garrantzitsuena da.

Guggenheim baino garrantzitsuagoa?

Desberdina. Guggenheim museoa arrotz ilustre eta ikusgarri bat da, ondo datorkiguna, bilduma eta mugimendu estetikoak ezagutarazten dizkigulako. Baina amorrazioa ematen didana zera da: han euskaldunoi fakturak ordaintzeko eskubidea soilik utzi digutela. Jarrera seguru aski estatubatuar hori ere badago euskal artistarik ez erakustearen atzean. New Yorken pixka bat soberan dauden bildumak jasan behar ditugu, hemen artista oso onak dauden arren... Badugu kexatzeko arrazoirik. Baina, bueno, badugu harrotasuna ere, beti kexan ez ibiltzeko.

Beste Guggenheim bat nahi dute.

Horrek harritu egiten nau. Hainbat hiriburu Europan halako bat izateko desiratzen, eta hemen bata bestetik 30 kilometrora jarri? Ez dago gaiaren esplikazio argi bat. Hura hotelez beteko dela, euro mordoa etorriko direla...? Museo baten funtsa ez da dirua irabaztea.

Dena den, Guggenheimen eraikina, txikitatik arkitekto izan nahi zuen norbaitentzat...

Arkitekto izan nahi bai, baina bi gerrak eragotzi zidaten.

Bi gerrak eta erbesteak.

Eta erbesteak bai. Horrela, nor arraiok ikasiko zuen arkitektura! Baina beti interesatu zait; erakusketa bat ere egina dut bolumetria arkitektonikoekin, jakinda horko ezer ez zela egingo [irribarrea]. Ni tematzen naiz nire ideiak erakusten, zergatik ez. Ikuspuntu horretatik, Gerhyren eraikuntza balekoa da, handiosa, berritzailea, ikaragarria... Nik, oro har, museoa errespetatzen dut, baina gauzak hobeto egin daitezke.

Museoez ari garela. Zer iruditzen zaizu Txillidalekurekin gertatzen ari dena?

Garbi aitortuko dizut: sekula ez zen baliozko adiskidetasunik izan Eduardo eta nire artean. Inoiz ez dut bere obra kritikatzen, baina bai bere jarrera pertsonala. Oso indibidualista zen. Bera, bera zen. Begira, hemen gertatu da bi fenomeno zeudela, Txillida eta Oteiza. Biek, modu desberdinean, baina bazuten joera euren pertsonalitatea handiagotzeko, erraldoitzeko. Pena zen, kontua ez baitzen guk ez genituela artista gisa aintzat hartzen. Baina jarrera horrek uxatu egiten zaitu, eta gelditzen zara... a!

Oteizarekin 11 urte bizi izan nintzen atez ate. Egin genituen lanak elkarrekin, baina enkarguak jada eginak edo itxita zeudenean, Jorgek atsegin zuen iraintzea arkitektoa edo enkargua egin zuena... berdin zion nor. Desesperatu egiten ninduen, agian urteetan landutako proiektu bat bertan behera gelditzen zen.

Bestea [Txillida] iritsezina zen. Estilo kontua ere bada... Txillidak ikusi zuen nazioartera, atzerrira begira jartzearen eraginkortasuna, beti emazteak lagunduta. Eta arrakasta oso handia izan zuen horretan.

Jorge ez zen gai horrela pentsatzeko. Harengan euskal dimentsio espirituala askoz sakonago zegoen. Txillidak batzutan eskultura txar, on edo bikain bat egin, eta euskal izena jartzen zion. Jorgek ez, Jorgek bere ikerketei ekiten zienean beti euskal jatorri bat hartzen zuen.

Zuk ere euskal espiritua abiapuntu izan duzu.

Nik ere ahal nuena egiten nuen gure euskal sustraitik abiatuta. Konturatu nintzen nire tokia hor zegoela: euskal lurretik mundura zabaltzean. Niretzat garrantzitsuak ziren bi kontzeptu biltzen ziren hor: munduko gizon izatea, zentzu intelektualean, baina atzean utzi gabe, antzinakoak izanagatik ere, Euskal Herriaren esperientzia, istorio magiko guztiak. Horregatik egin nuen nik euskal kosmogonia seriea. Inork ez zuen gure iragan magikoa hartu eta artelan moderno kategoria eman. Ekarpen interesgarria iruditzen zait, zilegi bazait hori esatea.

Zerbait berria behar zen.

Sorkuntza behar zen. Sorkuntzarik gabe ez dago aurrerapenik. Euskal makina geldituko zen, eta gauzak folklorismoan geldituko lirateke. Jakina, folkloreak ere balio du, egon behar du desberdintasunik, bestela berdin dio euskalduna edo errumaniarra edo dena delakoa izatea. Baina gure etsaiek, etsai politikoek, hori ukatu egiten dute, ez dutelako hori sentitzen. Eta hori sentitzen ez dutenez, ez dute gurearekiko errespeturik ere sentitzen. Errespetatu egin behar dira gure antzinatasuna, gure legeak, euskara...! Ze kalte egiten dugu, bada, horrekin? Eskerrak badagoen kontzientzia berri bat hainbat sektoretan. Hau ez da galduko. Ez da galduko.

‘Amalur’ filmak (1968) kontzientzia hori berreskuratu zuela esana duzu noizbait.

Jakina! Madrilera ni joan nintzen filmarekin, eta sekulako ustekabea hartu zuten. «Baina, nola? Oraindik ere existitzen dira euskaldunak?». Hain nago harro Amalur egin izanaz! Hura egin beharra zegoen; ez zegoen heroitasunik horretan. Badakizu zer egiten genuen? Gezurra esan. Gogoan dut Bermeoko jaiak filmatzera joan ginela. Guardia Zibilak gelditu gintuen, eta nondik gentozen galdetu. No-dokoak ginela erantzun nuen nik, eta haiek, pasatzeko [barre algarak]. Azkenean horrela egin behar zen, gure etsaia oso boteretsua zelako; galtzaile egin gintuen gerra hura pasa berria zelako. Baina horrek indarra ere ematen zidan, ni ez nintzen-eta inondik etorritako arrotz bat. Hamazazpi urteko erbestearen ondoren Bermeora itzuli nintzenean, gure etxea Guardia Zibilaren kuartela zen.

Memoria asko aipatzen da azkenaldian; Fragaren heriotzean esandakoak zer iruditu zaizkizu?

Deformazio dramatikoa da niretzat. Hori baldin badiozu, zuretzat demokrazia dena niretzat diktadura bada; biotako batek erotuta egon behar du. Memoria... lotsagarria da gertatzen ari dena. Ez dute uzten fusilatuen gorpuak berreskuratzen... Abusua... eta Elizaren jarrera ere... Nahiz eta Eliza bananduta egon, euskal Eliza mugitzen ari delako. Ze, Roucorengatik balitz... Hori inkisizioaren hondar bat da, eta ez du zerikusirik kristauen, katolikoen espiritu modernoarekin. 

Horretaz ari garela... hitz egingo dugu Arantzazuri buruz?

Ez! [Algarak]. Frantziskotarrekin bakeak egin nituenean agindu nuen ez nuela gaiaz berriz hitz egingo. Asko sufritzen zuten nirekin... Egia da gogorra egin zidatela ere...

Arte modernoa zaila da.

Arte modernoa oso jende gutxik ulertzen du. Nire kasuan, heroitasuna hau egitea da [mahai gaineko marrazkia erakutsiz], jakinda ez dela ulertzen. Baina ni konturatzen naiz, hemen badagoelako modernitaterako jauzi bat, aurrerapen bat dela. Eta sekula ez naiz jartzen pentsatzen salduko den edo zenbat balio duen.

Konturatu naiz Txillidalekurena ez didazula erantzun...

Abusu bat iruditzen zait. Familia negozio familiar bat da eta. Nik hemen sartzeagatik kobratu eta dena poltsikora sartuko banu bezala da. Eta gauzak gaizki daudenean, Jaurlaritzara, eman diezaietela.

Txillidaren aita Molaren Donostiako konfiantzako gizona zen. Mutiko faxista hori iritsi eta abertzale bihurtzen da, tortilla bat balitz bezala. Eta, gainera, bere zorionerako, Jaurlaritzako memeloek sinetsi egiten diote. Manifestazioetan agertzen da... Esan didate zergatik ez naizen manifestazioetara joaten. Ez dut behar manifestazioetara joatea abertzalea naizela esateko!

Txillida eta Oteizaren besarkada hura zer iruditu zitzaizun?

Aurpegiratu nion Jorgeri zer arraio egin zuen. "Engainatu egin ninduten", bai zera engainatuko zintuzten zu! Argazkia egin eta hamar egunera izan genuen eztabaida hori. "Traizioa izan da, Jorge", aurpegiratu nion, "zurekin geunden guztiak nola utzi gaituzu?". Paragrafo bat bidali zidan gero: "Putaseme falangista hau", eta abar... Esan nion: "Hori nik bakarrik entzuten dut, eta besarkadaren ergelkeria hori milaka pertsonak ikusi dute". Ez zen batere ausarta Jorge... batere ausarta.

Zergatik egin zuen?

Txillida fama galtzen ari zen momentu hartan, eta Jorgerena hazten. Orduan hark [Txillidaren emazte Pilar Belzunzek] gutun bat bidali zion Jorgeri, "zergatik ez besarkada bat, biak hemengoak izanda...". Gutuna erakutsi zidan Jorgek, "begira zer dion emakume honek. Nola pentsa dezake hori egingo nukeenik!". Eta gero onartu egin zuen! Jorge oso zaila zen. Kontraesanez betea. Eta ezin gara izan gizon kontraesankor baten oso-oso laguna. Adiskide ona izan naiz harena, baina... Berak errazegi baztertzen zintuen.

Askotan haserretzen zineten?

Behin bakarrik. Baina hori esplikatzeko hari buruz gaizki hitz egin behar dudanez, ez dizut kontatuko.

Hainbat teknika eta molde landu dituzu artean. Baina eskultore moduan ezagutzen zaituzte herritarrek.

Eskulturak kalean daudelako. Eskulturak indar berezia du Euskal Herrian, oso gurea da. Kolorea, adibidez, katalanagoa da, mediterraneoagoa. Gu hieratikoagoak gara, sendoagoak, neurritsuagoak, irauteko pentsatuak bagina bezala. Egia da gauza asko landu ditudala. Nik ideia bakoitzarentzat arte, molde, teknika bat dagoela pentsatu dut beti.

Zer diozu egungo momentu politikoaz? Bakea datorrela diote.

Iritsiko ahal da bakea. Baina gure etsaiak oso gogorrak dira, e! Zailak. Ez nago lasai horrekin, ez nago konforme. Oraindik asko sufriarazi behar digute.

Damu omen zara euskaraz ez jakitea.

Bekatu mortala dut hori. Beti galdetu izan diot neure buruari: zein eskultura egingo nukeen nik euskaraz jakin izan banu? Hau edo beste bat hobeagoa?

Hasierara itzuliko gara? Sorkuntza heriotzaren aurka.

Heriotza. Heriotza nire erabateko ausentzia gisa... Ze nik ez dut sinesten beste bizitza batean... Orain dela gutxi hil zait seme bat [Txabi Basterretxea zinemagilea]. Jakina, nik ez dut honi buruz hitz egin nahi emaztearekin, baina... betiko hil da. Akabo Txabi...

...Eta jakitea betiko desagertuko zarela... Halako larritasuna sortzen zait... Galdetzen diot neure buruari: mundu honetako igarotzea, bizitza, behar bezala baliatzeko adina sentsibilitate izan ote dut edo denbora asko galdu dut?

Zahartzaroa.

Zahartzaroa bai. Zaharra naiz. Azkenean 88 urterekin, zenbat gehiago biziko naiz? Hiru urte zorte askorekin? Ezinegon handiarekin pasa ditut hainbat gau. Ohetik altxa, eta marrazten edo zerbaitetan hasi behar dut... Asko sufritu dut, eta orain gehixeago menderatzen ari naiz kontua. Horrelakoak menderatu egin behar dituzu...

Tira... Dena bukatzen zaizu. Emakumea; emakumea elementu erotiko moduan, diot. Ene... Ze artistak badu erakargarritasun berezia emakumeentzat, irudimentsuak garelako edo... ez dakit.

Hori bai, emaztea izugarri maite dut. Asko maite dugu elkar. Egia esan, beti izan naiz samurra, samurtasun zalea. Seme alabekin eta orain bilobekin eta... Egia da hori ere: ongi osatutako familia baten garaipena ere bizi dut. 

Motzean

- Arantzazuko Kristo haserretua. Kristo bizkarrez margotu nuen, gizakiarengandik ihes egiten. Setien gotzainak esan zidan, "hau mezaren funtsaren erabat kontrakoa da eta!".Txintxo portatu, eta buelta eman nion Kristori. Hori bai, Hollywoodeko maritxu itxurako Kristo guapo hori ez nuen egin. Atean daudenei desafio, agindu egiten die:«Sartu!».

- 'Amalur' eta zentsura. Gernikako arbolaren alegoria batean zuhaitza elurtuta filmatu genuen. Gil Roblesek ezetz esan zigun, filmatzeko zuhaitza udaberrian. Baina zergatik? "Zuek esan nahi duzue historiaren negua bizitzen ari zaretela!". Kabroia... harrapatu zuen. Eta isildu egin behar...

- Haurtzaroa. Hamabi urterekin edo, ikasi nahi ez eta anaiak eta biok etxetik ihes egin genuen, beste lagun batekin. Zortzi orduren ostean harrapatu gintuzten. A ze jipoia! Lagunari ea zer moduz galdetu, eta ezetz, hura ez zutela jipoitu, bere etxean errepublikanoak zirela. Demontre EAJrekin!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna