Tiroketa Okzitanian

Tolosako hiltzaileak kamera bat zeraman soinean

Kamera lepotik zintzilik zeramala esan du lekuko batek, Claude Gueant Frantziako Barne ministroak azaldu duenez. Hiltzailea eskuin-muturrekoa edo ekintzaile islamista dela uste du Poliziak. Gaur minutu bateko isilunea egin dute Eliseoan eta eskoletan, 11:00etan.

Berria -

2012ko martxoak 20

Claude Gueant Frantziako Barne ministroak jakinarazi duenez, atzo Okzitaniako Tolosan lau lagun hil zituen hiltzaileak kamera bat zeraman lepotik zintzilik. Lekuko batek eman du datu hori, baina gainerakoan ezer gutxi aurreratu dutela ikerketa onartu du Gueantek.

Europa 1 irratiari egin dizkio adierazpen horiek ministroak. Lekukoaren arabera, kamera bularrera itsitsita zuen hiltzaileak: "Ez dakit guztia filmatzen ari ote zen, baina kamera bazeramala ikusi dute", esan du Gueantek. Atzoko hilketarekin "izugarrikeriaren muturrera" iritsi direla gaineratu du.

Bi hipotesi

Liberation egunkariaren arabera atzoko hiltzailea nor den argitzeko ikerketan bi hipotesi ditu esku artean Poliziak: batetik eskuin-muturreko militar bat edo talde neonazi bateko kide bat izan daitekeela uste du, eta bestetik talde islamista bateko ekintzailea izan daitekeela.

Dirudienez, aurreko astean Montaubanen hil zituzten hiru militarrak Afganistanen egondakoak ziren, eta horrek hiltzailea ekintzaile islamista bat izan daitekeelako susmoa indartu du. Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak arrasto guztiak ikertzen ari direla esan du, baina harrapatuko dutela gaineratu du, eta zigortuko dutela.

Alerta maila gorena

Berrehun polizia inguru ari dira hiltzailearen bila, eta 1.500 Tolosa inguruan zabaldu dira. Segurtasun neurriak maila gorenean jarri dituzte eskola judu eta musulmanetan, bi erlijio horiekin lotura duten saltokietan, geltokietan, armadaren instalakuntzetan, eta Tolosako aireportuan eta metroan.

11:00etan minutu bateko isilunea egin dute Eliseoan eta eskoletan. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak judutarren eta musulmanen buru erlijiosoak hartu ditu. Atzo hildako lauen gorpuak Israelera eramango dituzte (bi herritartasun zituzten), Jerusalemen lurperatu ditzaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna