literatura

Antonio Tabucchi idazle italiarra hil da, Lisboan

68 urterekin zendu zen atzo, gaixotasun luze baten ondorioz. Tabucchiren hiru eleberri euskarara itzulita daude: 'Porto Pimeko dama', 'Oker ttiki garrantzigabeak' eta 'Pereirak dioenez'.

Antonio Tabucchi.
Antonio Tabucchi.

Berria -

2012ko martxoak 26

Antonio Tabucchi idazle italiarra hil zen atzo, Lisboako Gurutze Gorriko Ospitalean, gaixotasun luze baten ondorioz. Ostegunean egingo dituzte haren aldeko hileta elizkizunak, Lisboan. 68 urte zituen Tabucchik.

Fernando Pessoa (1885-1935) poetaren obran aditu nagusietakoa zen. Sienako unibertsitatean Hizkuntza eta Literatura portugaldarreko irakasle izan zen.

1975ean hasi zuen bere ibilbidea idazle gisa, Piazza Italia lanarekin. Haren lanik garrantzitsuenetakoak izan ziren Sostiene Pereira eta Requiem. Horiei esker, hainbat sari irabazi zituen; tartean daude Pen Club, Campiello eta Viareggio-Répaci Italian; eta Prix Médicis Etranger, Prix Européen de la Littérature eta Prix Mediterranée, Frantzian. 

Euskaraz Tabucchiren hiru lan itzuli dituzte: Porto Pimeko dama (Alberdania-Elkar, 2007), Oker ttiki garrantzigabeak (Alberdania-Elkar, 2007) eta Pereirak dioenez (Igela, 2006).

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna