Eusko Legebiltzarreko ponentzia

Aralarrek kargua alderdiaren esku uzteko eskatu die Ezenarro, Basabe eta Erostarberi

Zuzendaritzak "saminki deitoratu" du hiru parlamentariok gaur Eusko Legebiltzarrean alderdiak erabakitakoa bete ez izana. EAJ, PSE, PP eta IU-Ezker Anitza ere "bakerako eta elkarbizitzarako lantalde irekiaren" alde azaldu dira, eta aurka Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea, EA eta UPD. EAk eta Maeztuk diote ezker abertzalea ezingo dela egon beste taldeen baldintza beretan.

Ortuzar, Pastor eta Ezenarro, gaur.
Ortuzar, Pastor eta Ezenarro, gaur. / Juanan Ruiz/Argazki Press

Berria -

2012ko martxoak 30

Aralarreko zuzendaritzak kargua alderdiaren uzteko eskatu die Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe eusko legebiltzarkideei, eguerdian EAEko parlamentuan bakegintzako ponentziaren bozketan Aralarren erabakia bete ez dutelako.

"Bakerako eta elkarbizitzarako lantalde irekia" sortzeko akordioa lortu dute legebiltzarrean EAJ, PSE, PP eta IU-Ezker Anitzaren eta Aralarreko hiru parlamentarioren botoekin. Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordea aldiz, aurka agertu da. EAk eta UPDk ere kontrako botoa eman dute.

Arratsaldean Aralarreko zuzendaritzak prentsaurrekoa eman du, Donostian; Patxi Zabaleta koordinatzailea, Maeztu eta Rebeka Ubera antolaketa idazkaria mintzatu dira. 

Aralarrek "saminiki deitoratu" du Ezenarro, Basabe eta Erostarberen jarrera. Zuzendaritzak azaldu du alderdiak erabaki zuela ponentziak inolako bazterketarik ez zuela onartu beharko, eta bestelakoan ezezko botoa emango ziotela. Erabaki horren berri eman zieten Aralarreko lau eusko legebiltzarkideei, "bakegintzarako beharrezkoa den elkarrizketari mugak edo bazterketak jarri ezin zaizkiolako". 

Gaur goizean, ordea, Eusko Legebiltzarrean Aralarreko hiru legebiltzarkide haiek ez diote "men egin" alderdiko zuzendaritzak "zehazki eta espreski" eskatutakoari.  

Parlamentuko aurreko bi saioetan ezin izan zuten akordiorik lortu. PPk baldintza gisa jarri zuen "Batasunak" ez parte hartzea lantaldean. Aralarreko zuzendaritzak esan izan du legebiltzarreko lantaldean ezker abertzaleak ez badu tokirik besteek bezala eta alderdiko parlamentarioek horren alde egiten badute, jarrera horrek "ondorioak" izan ditzakeela alderdi barruan.

Eta ondorioak agerikoak dira: "Etika politikoaren izenean, hiru legebiltzarkideek Aralarren zerrendetan lortutako karguak alderdiaren esku utzi behar dituztela uste dugu", adierazi du zuzendaritzak.  

Aralarren esanetan, "elkarrizketa politikoak salbuespenak eduki ezin ditzakeela argi eta garbi ez adieraztea, demokraziari iruzur egin nahi izatea da". Onartutako ponentzia, "hutsegite politiko handia" ez ezik, abian dagoen bakegintza eta normalkuntza politikoarentzat "kaltegarri" dela adierazi du alderdiak. "Ponentzia hau hilda jaio da, ez du etorkizunik izango". 

Ezker abertzaleak beste taldeen baldintza beretan ezingo duelako parte hartu eman dute kontrako botoa Juanjo Agirrezabalak (EA) eta Maeztuk. Gorka Maneirok (UPD), berriz, uste du lantaldea ezker abertzalearen interesen zerbitzura egongo dela, eta horregatik eman du aurkako botoa. 

Ezenarrok ezker abertzaleari esan dio "konfiantzako boto bat" emateko lantaldeari, "inork" ez duelako galduko: "Denok irabaziko dugu". PPri, berriz, adierazi dio euskal presoen "sufrimenduaren" berri izan beharko duela.

Batzorde txostengilea "modu eraginkorrean gara dadin", legebiltzarreko taldeek ez ezik, alderdi politikoek, erakundeek eta gizarte eragileek ere parte hartuko dute, eta "egin nahi dizkioten proposamenak jasoko ditu". "Elkarrizketa diskretua, iraunkorra eta bazterketarik gabekoa sustatzea da helburua", esan du Ezenarrok.

Gaur, PPk adierazi du "terrorismoari zilegitasuna kentzen segitzeko bermea" ematen duela foroak.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ezenarroren lana txalotu du, "irizpideei eusteagatik".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria