frantzia

Sarkozy edo Hollande, ustez

Gaur hasi da Frantziako Presidentziarako hauteskundeetako kanpaina, hamar hautagairekin. UMPko eta PSko buruak dira faboritoak. Lehen itzulia apirilaren 22an izango da eta bigarrena maiatzaren 6an.

Nicolas Sarkozy (UMP) eta François Hollande (PS).
Nicolas Sarkozy (UMP) eta François Hollande (PS).

Berria -

2012ko apirilak 9

Gaur hasi da Frantziako errepublikako Presidentziarako hauteskundeetako kanpaina, hamar hautagairekin. Bi dira faborito nagusiak: Nicolas Sarkozy egungo presidentea (UMP) eta François Hollande (PS). Inkesten arabera, parean dira; lehen itzulirako botoen %27 inguru jasoko lituzkete. 2007tik da presidentea Sarkozy eskuindarra.

Lehia politikoko gai nagusietakoak Europa, ekonomia eta, batez ere Okzitaniako Tolosako hilketen ondotik, etorkinak dira. Jarrera kontrajarriak dituzte Sarkozyk (Paris, 1955) eta Hollandek (Ruan, 1954) gai horien inguruan, eta okerreko bidea hautatu izana leporatzen diote elkarri. "Iraultza sozialdemokrataren" gidaritzat jo du bere burua Hollandek, neoliberalismoaren eta zorroztasun ekonomikoaren alternatibatzat alegia. Gainera, hitzeman du irabaziz gero ez duela berretsiko Bruselako aurrekontuen itun berria. Europazalea izan arren, bide aldaketa proposatzen du Hollandek Bruselan: hazkundearen aldeko politika gehiago egitea.

Sarkozyk Europatik ihes egin nahi du kanpainan. Ez du jendaurrean Angela Merkel Alemaniako kantzillerraren gerizpean agertu nahi. Horregatik, hari kanpainan parte hartzeko urtarrilaren hasieran egindako gonbita ukatu dio publikoki: "Bozen kanpaina frantziarren kontua da".

Mugarik gabeko Europa bermatzen duen Schengengo Ituna eraberritzearen alde agertu da Sarkozy. Hollande ere sartu da etorkinen inguruko eztabaidan, eta erantzun dio ez duela onartuko immigrazioa liskarrerako gai modura erabiltzea ez Frantzian ez Europan.

Ezkerreko Frontearen babes handia, inkesten arabera 

Azken egunetako inkestek diotenez, aurreneko itzulian Ezkerreko Fronteko hautagaia geratuko litzateke hirugarren, %15 inguruko babesarekin: Jean-Luc Melenchon. Duela hiru aste indar erakustaldia egin zuen Parisen, Bastilla plazan, 120.000 lagunen aurrean globalizazioaren kontra eta protekzionismoaren alde agertuta. "Bastillako espiritua, hemen gara berriro Frantziako iraultza eta matxinadetako lagunak!", oihukatu zuen, hain zuzen ere, 1871ko matxinadaren urtemugan, Parisko Komunarenean. VI. Errepublika ezartzea aldarrikatu du Melenchonek.

Inkesten arabera, laugarren Fronte Nazionaleko hautagaia izango litzateke, botoen %15-17rekin: Marine Le Pen.

Presidentzia hauteskundeetako lehen itzulia apirilaren 22an izango da eta bigarrena, beharko balitz, maiatzaren 6an. Hain justu, aurreneko itzulian inork gehiengo osoa lortzen ez badu egingo dute bigarrena. Hemen, lehen itzuliko bi hautagai bozkatuenak baino ez dira ariko.

Ekainean Legebiltzarrerako bozak izango dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria