Albistea entzun

politika

Onintza Enbeita izango da Iñaki Antiguedaden ordezkoa Espainiako Kongresuan

Diputatuaren Estatutuaren batzordeak ebatzi du Amaiurreko kidearen diputatu lana eta EHUko irakasle lana ez direla bateragarriak. Antiguedadek gaur azpimarratu du garrantzitsua dela norberak "bere bidea aurkitzea", eta berak "garai berriaren alde urratsak egiten" jarraituko duela azaldu du.

Enbeita eta Antiguedad, gaur Bilbon.
Enbeita eta Antiguedad, gaur Bilbon. Monika del Valle / ARP

Berria -

2012ko apirilak 19

Iñaki Antiguedad Amaiur koalizioko Bizkaiko diputatuak Espainiako Kongresuko eserlekuari uko egingo dio "bizpahiru aste barru", eta Onintza Enbeita izango da haren ordezkoa. Iazko azaroko Kongresurako bozetan Bizkaitik zortzigarren lekuan aurkeztu zen Enbeita kazetari eta bertsolaria (Muxika, 1979).

Diputatuaren Estatutuaren batzordeak ebatzi du Antiguedaden diputatu lana eta EHUko irakasle lana ez direla bateragarriak, eta, ondorioz, eserlekua uztera "behartuta" ikusi du bere burua. Horrela, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean lanean jarraitzea erabaki du. Edozein modutan, Antiguedadek adierazi du jarduera politikoarekin jarraitzeko asmoa duela.

Gaur goizean Bilbon eman duen prentsaurrekoan Antiguedadek baieztatu du orain dela egun batzuk heldu zitzaiola Estatutuaren batzordearen erabakia biltzen duen gutuna. Nabarmendu du garrantzitsua dela nork "bere bidea aurkitzea", eta esan du berak "garai berriaren alde urratsak egiten" jarraituko duela. Hala ere, berretsi du Amaiurren barruan lanean jarraituko duela.

Legealdiaren hasieran, Antiguedadek uko egin zion diputatu gisa zegokion soldatari, Kongresutik kanpo beste lanpostu bat zuelako. Hauteskunde legearen arabera, diputatu karguak ardura osoa eskatzen du, eta ez du onartzen beste lanbide batekin uztartzea. Hala ere, orain arte Kongresuko Diputatuaren Estatutuaren batzordeak 130 diputaturi baino gehiagori utzi diete Kongresutik kanpo beste lanpostu bat izaten. Horietatik 60 baino gehiago alkate edo zinegotzi postuetan dabiltza, soldata bati uko eginda.

Antiguedadek berak diputatu kargua utz zezakeela aurreratu zuen iazko azaroan, Argia astekarian egin zioten elkarrizketa batean: "Ez dut sekula politika modu profesionalean ulertu. Orain dela hamar urte utzi nuen politika instituzionala, eta orain berriz ere heldu diot. Baina ez orduan, ez orain, ez gero, politikatik bizitzeko inolako asmorik gabe", adierazi zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...