Aieteko Adierazpenaren aldeko sostengu kanpaina hasi du Lokarrik

Herritar sareak dio hau ez dela zain geratzeko unea. Lokarrik milaka esku-orri atera ditu, 'Aiete.org' sortu du, liburu bat aurkeztuko du eta mahai inguru bat egingo du.

Berria -

2012ko apirilak 19

Lokarri herritar sareak herritarren artean Aieteko Adierazpenaren aldeko sostengua lortzeko kanpaina jarri du abian, "ez delako zain geratzeko unea". Iazko urriaren 17an izan zen Donostiako Nazioarteko Konferentzia, eta han onartu zuten Aieteko Adierazpena nazioarteko buruzagi batzuek. ETAk urriaren 20an —bihar urte erdi bat— jakinarazi zuen borroka armatua bukatu duela betiko.

"ETAren indarkeriaren amaierak erakutsi zuen egoera aldaketa hain garrantzitsuaren ondoren, arrazoizkoa da denok behar izatea denbora tarte bat gure jarduera egokitu ahal izateko. Arrazoizkoa da Espainiako gobernu berriak ere denbora behar izatea bake prozesuan zein estrategia erabiliko duen erabakitzeko. Sei hilabete, ordea, nahikoa eta gehiago dira", esan du Lokarrik gaur, Donostian, Bakearen Etxean.

Herritar sarearen arabera, "paregabea da bakea eta bizikidetza errotzeko euskal gizarteak duen aukera", baina Espainiako Gobernuak ez du aurrerapausorik eman. "Gainera, presoei ezarritako zigor gehigarriei eutsi eta birgizarteratze prozesuaren ateak itxi egin ditu".

"Alderdi politikoen artean elkarrizketa eraikitzaile baten gabezia" dagoela ere esan du Lokarrik. 

Aieteko Adierazpenari sostengua emateko eskatzen duten 15.000 esku-orri bidali ditu posta bidez. 10.000 ale banatuko ditu Hegoaldeko hainbat hiri eta herritan, Aiete.org weba jarri du martxan, Nazioarteko Konferentziari buruzko liburu bat aurkeztuko du aurki eta mahai inguru bat egingo du.

Aieteko Adierazpenaren eskaera nagusiak

Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohiak, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko kabineteko buru ohiak plazaratu zuten Aieteko Adierazpena.

- Armak betiko uzteko eskatu zioten ETAri, eta elkarrizketarako deia egiteko Frantziako eta Espainiako gobernuei, "soilik gatazka armatuaren ondorioez aritzeko".

- ETAk adierazpena egingo balu —eta egin zuen—, baiezkoa eman eta elkarrizketak zabaltzeko deia egin zieten Espainiari eta Frantziari.

- Eragile ez-bortxatzaile eta ordezkari politikoak biltzea eta herritarrei kontsultatzea iradoki zuten, aro berri bat sortze aldera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna