Sestaoko Udalaren mozioa

 

Berria -

2012ko apirilak 24

Eskubide zibil eta politikoen alde

"2009an zortzi euskal herritar atxilotu eta Euskal Legebiltzarrerako hauteskundeetan aurkeztu nahi zuen D3M hauteskunde plataforma bultzatzeaz akusatu zituzten. Horien artean Imanol Nieto Casanueva, gure auzokidea, zegoen. Imanol bi hilabetez espetxeratuta egon zen hainbat espetxeetan eta  6.000 euroko bermea ordaindu ondoren askatasuna lortu zuen. Zigor epai gelak atxilotzea politika arloko bere militantzia eta jardueragatik izan zela onartu zuen.

Hiru urte ondoren, Imanolek 9 urteko kartzela zigorra jaso dezake, datorren apirilaren 30ean hasiko den epaiketan, eta epaiketak hainbat aste iraun dezake.

Imanol, ezkerreko politikako militantea eta abertzalea da, Sestaoko bizitza politiko eta sozialean inplikatua. Guztiontzat ezaguna den jardun politiko publikoan ziharduena, eta diharduena. Baina horretaz gain, Euskal Herrian ireki den agertoki politiko berriaren sendotzean jardun du, bake agertoki berriaren alde lan eginez, Gernikako akordioan eta Nazioarteko komunitateak eginiko Aieteko adierazpenean biltzen den bezala.

Gure ustez, oinarri politiko garbiak dituen epaiketa baten aurrean gaude. Epaiketa honetan demokrazia formalen oinarrian dauden eskubide zibil eta politikoak daude jokoan, hala nola, elkartze eskubidea, adierazpen askatasuna eta hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. Demokratikoa al da hauteskunde plataforma  bat bultzatu nahi izateagatik edonor 9 urtez espetxeratua izatea?

Horregatik Udalari hurrengo puntuak onar dadila eskatzen diogu:

- Herrialde honetako pertsona orok elkartzeko eta politika egiteko eskubidea du. Eta ezin dugu sor eta gor gelditu Imanol horregatik epaitua eta 9 urtez espetxeratua izango den aukeraren aurrean.

- Oinarri edota ezaugarri politikoak dituen epaiketa ororekin amaitzea eta pertsona ororen eskubide guztien errespetua exijitzen du Udaletxe honek, eta gure herrikidea den Imanolekin, senide ta lagunekin elkartasuna agertzen du.

- Udaletxe honek deialdia egiten du eskubide zibil eta politikoen alde apirilaren 28an, 12:30ean, Kasko Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna