frantziako presidentzia hauteskundeak

Sarkozyk Fronte Nazionalarekin akordiorik egitea baztertu du

UMPko presidentetzarako hautagaiak "soilik ezkerreko herritarrei" zuzentzea leporatu dio gaur François Hollande hautagaiari. Eskuin muturreko boto-emaileak bihurtu dira bi hautagaien artean balantza alde batera edo bestera desorekatu dezaketenak. Hollandek uste du Frantziak "zerbait hobea" merezi duela.

Berria -

2012ko apirilak 25

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak (UMP) gaur adierazi du ez duela FN Fronte Nazionalarekin akordiorik egingo, berriro presidentetzara heldu ahal izateko. "Ez da FNko ministrorik egongo, ez dut inoiz hori nahi izan. Baina Marine Le Pen bozkatu zuten frantziarren %18a ez dagokio hari, eta haiengana zuzendu beharra daukat", adierazi du gaur France Info irratiari emandako elkarrizketan.

Hauteskundeen lehen itzulian boto gehien jaso zituztenen artean dago FNko Marine Le Pen, UMPko eta PSko hautagaien atzetik. Bigarren itzulian (maiatzak 6) eskuin muturreko boto-emaileak funtsezkoak izan daitezke presidentetza nork hartuko duen erabakitzerakoan.

Sarkozyk gogorarazi du legeak FN hauteskundeetara aurkeztea ahalbidetzen duenez, haren ideiak "errespetatuak" izan behar direla. "Ez dago boto onik, ez txarrik. Frantziarrek aukeratu egin dute, eta berriro aukeratu beharko dute orain", esan du.

Hollande, FNko botoen bila

François Hollande PSko hautagaiaren inguruan esan du "bakarrik ezkerreko herriari" zuzentzen zaiola, eta presidente batek herritar guztiena izan behar duela gogorarazi dio. Presidentetzarako hauteskundeen lehenbiziko itzulian botoen %1,45en aldea atera zion Hollandek Sarkozyri.

"Frantziak zerbait hobea merezi duelako", haren aldeko bozka eskatu du gaur Hollandek, ohar baten bidez.

"Kargua uzten duen hautagaia zigortu duzue. Bost urtez bidegabekeriak eta porrotak jasan dituzue. Bost urte gehiago bost urte okerrago izango lirateke", gaineratu du.

Hollandek Fronte Nazionaleko boto-emaileak "berreskuratu" egin beharra aldarrikatu du, Le Peni botoa eman diotenen "zati bat" ezkerrekoa dela uste duelako.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna