frantziako presidentzia hauteskundeak

Kanpainaren azken txanpan, hautagaiek mugak dituzte hizpide

Nicolas Sarkozy hautagaiak (UMP) nabarmendu du mugak kentzeak "desordena" sortzen duela, eta nazio izaera aldarrikatu du. François Hollandek (PS), berriz, muga guztiak gaindituko dituen hautagai gisa aurkeztu du bere burua. Biek mitinak eman zituzten atzo, Tolosan eta Parisen, hurrenez hurren. Igandean izango da hauteskundeen bigarren itzulia.

Berria -

2012ko apirilak 30

Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulirako astebete falta denean, Nicolas Sarkozy (UMP) eta François Hollande (PS) hautagaiak azken ahaleginak egiten ari dira botoak eskuratzeko. Atzo mitinak eman zituzten biek, Tolosan eta Parisen, hurrenez hurren.

Sarkozy Frantziako presidente eta UMPko hautagaia globalizazioaren aurka eta mugak mantentzearen alde agertu zen atzo Tolosan. Milaka jarraitzaileren aurrean, nazioa eta mugak goraipatu zituen: "Irabazten duten herrialdeak nazio espirituan sinesten dutenak dira", esan zuen.

Haren arabera, muga politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta  moralak eraisten saiatzea "akats bat" da, "desordena" sortzen delako. "Mugarik gabe ez dago naziorik, ez dago estaturik, ez dago errepublikarik, ez dago zibilizaziorik. Mugek sekulako garrantzia dute", azpimarratu zuen.

Hollande, Europatik haratago

Hollandek, bestetik, Parisen eman zuen mitina milaka lagunen aurrean, eta Sarkozy ez bezala, muga guztiak gaindituko dituen hautagai gisa agertu zuen bere burua. "Europako herrialdeek Frantziara begiratzen dute; itxaron dezatela, iristen ari gara, eta  hitzordura joango gara".

PSko hautagaiak nabarmendu zuen bere mezua Europatik haratago doala, eta Afrikan eta Hego Amerikan ere "itxaropenez eta mirespenarekin" jarraitzen dietela. Haren garaipena "demokrazientzat oso albiste ona" izango litzatekeela uste du, eta "albiste lazgarria diktadoreentzat".

Le Penen boto eskaria, bihar

Marine Le Pen FN Fronte Nazionaleko buruak gaur egindako adierazpenetan esan du Sarkozyk errespetu gutxi azaldu duela boto-emaileekiko. Midi Libre egunkariari eskainitako elkarrizketan Le Penek adierazi du boto-emaileak ezin direla "haur gisa" hartu, eta koherentzia eskatu dio.

Bestetik, Le Penek esan du bihar jakinaraziko duela noren aldeko botoa eskatuko duen, eta "oso argia" izango dela gaineratu du. Asteazkenean Sarkozyren eta Hollanderen arteko eztabaida izango da, telebistan.

Fronte Nazionaleko buru izandako Bruno Gollnichek eta Carl Langek Sarkozyren alde egingo dutela jakinarazi dute gaur.

Hollande, faborito

Ipsos institutuak kaleratutako azken inkestaren arabera, Hollandek faborito izaten jarraitzen du, botoen %53arekin. Hala ere, Sarkozyrekiko aldea murriztu du, beste hainbat inkestak argitaratu dituzten datuak aintzat hartuz gero. Sarkozyk %47ko babesa jasoko luke, pasa den asteko inkestetan baino puntu bat gehiago.

Frantziako presidentziarako hauteskundeetako bigarren itzulia igandean izango da. Aurrenekoan Hollande izan zen hautagairik bozkatuena, %28,63ko babesarekin. Sarkozyk %27,18koa erdietsi zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna