euskal presoak

Barne Ministerioak presoen "gizarteratze" programa kaleratu du

Espainiako Gobernuak ostegunean eman zituen lehen xehetasunak, eta atzo arratsaldean argitaratu zuen (hemen). Programan parte hartu ahal izateko, presoak indarkeriari uko egin diola eta "erakunde kriminaleko" kide izateari utzi diola erakutsi beharko du.

Berria -

2012ko maiatzak 1

"Terrorismo delituak egin dituzten presoak birgizarteratzeko" programa bat mahai gainera aterako zuela iragarri zuen ostegunean Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, eta atzo arratsaldean kaleratu zuen, Internet bidez.

Haren arabera, epeka gauzatuko litzateke "gizarteratze prozesua". Hala, parte hartu ahal izateko, presoak indarkeriari uko egin diola eta "erakunde kriminaleko" kide izateari utzi diola erakutsi beharko du. Presoek biktima "zuzenei" barkamena eskatzeko aukera izango dute, betiere biktimak nahi badu.

Planean aurreikusitako beste neurri batzuk jaso ahal izateko —Euskal Herriko espetxeetara gerturatzea, adibidez—, "legezko beste betebehar batzuk" exijituko dizkiete presoei. 

Programa jarraitzea "borondatekoa eta indibiduala" izango da, idatziak dioenez. Parte hartzea erabakitzen duten presoek eskolak jasoko dituzte "bizikidetzarako balioen" inguruan, eta lana aurkitzeko laguntza jasoko dute, aske geratzen direnerako. Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeak izango dira plan hori ezartzen lehenak.

Jorge Fernandez Diaz (PP) Barne ministroak lehengo astean zioenez, helburua presoak "gizarteratzea" da, eta nabarmendu zuen hori Espainiako Konstituzioaren 25. artikuluan jasota dagoela. "Legea bete besterik ez dugu egingo". Ministroak gaineratu zuenez, ez da presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeko plan bat, eta horrek ez du ezbaian jartzen Parot doktrinaren konstituzionaltasuna. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna