Ezker abertzalea: "Sakabanaketaren ankerkeriak bost egunetan indargabetu du Barne Ministerioaren plana"

 

Berria -

2012ko apirilak 30

Ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu eta Txelui Moreno kideek gaur eguerdian egindako agerraldian salatu dute presoak bisitatzera zihoazen senideek bi istripu izan dituztela bi egunetan, eta haien arabera, "sakabanaketaren ankerkeriak bost egunetan indargabetu du" Espainiako Barne Ministerioaren "birgizarteratze" plana.

"Espainia eta Frantziako Gobernuek milaka euskal herritarren biziarekin jokatzen ari dira era lazgarrian, indar posizio bat erakutsi nahian benetan ahultasun politiko izugarri batek jota dituenean", azaldu dute. Haien arabera, presoei eta euren senideei ezartzen zaien "mendeku politika behin betiko eta baldintzarik gabe" amaitu behar da.

Horrekin batera, nabarmendu dute euskal preso politikoen eskubideei "zor zaien errespetua" ezin dela "inolako eskakizun politikorekin" loturik egon. "Euskal preso politiko guztiak Euskal Herriko espetxeetan biltzea eskubide bat besterik ez da", esan dute.