Bayrou, Hollanderen alde

MoDem-eko buruak lehen itzulian %9,13ko babesa lortu zuen: 3,2 milioi boto.

Berria -

2012ko maiatzak 4

François Bayrou MoDem-eko buruak Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian François Hollanderen (PS) alde egitea erabaki du, jendaurrean jakinarazi duenez. Lehen itzulian 3,2 milioi boto jaso zituen Bayrouk (%9,13), eta orain Hollanderen alde bozkatuko duela esatea erabakigarria izan daiteke. Dena dela, argitu nahi izan du "erabaki pertsonala" dela berak bigarren itzulian PSko hautagaiaren alde egitea.

MoDem-eko kideak uste du Nicolas Sarkozy UMPko presidentegaia "eskuin muturrerantz" doala, FN Fronte Nazionaleko botoak bildu nahian, "eta jarrera horrek frantziarren artean liskarrak sor ditzake". FNko buru Marine Le Penek aste honetan esan du ez dutela ez Hollanderen ez Sarkozyren alde egingo bigarren itzulian —6,4 milioi boto eskuratu zituen lehen itzulian FNk—.

Hollandek irabazi zuen apirilaren 22an: %28,6ko babesa, 10,2 milioi boto. Sarkozyk: %27ko sostengua, 9,7 milioi boto. Biak pasatu dira bigarren bueltara.

2007ko presidentetzarako bozetan, Sarkozy eta Segolene Royal PSkoa igaro ziren bigarren itzulira. Aurreneko bueltan Sarkozy nagusitu zen, besteari 1,9 milioi botoren aldea kenduta. Eskuineko indarrek denera 16 milioi boz pilatu zituzten, eta ezkerrekoek, 13,3 milioi —2,7 milioiren aldea, beraz—. Lehen itzuli hartan, UMPz eta PSz gain, UDF —gaurko MoDem— eta FN izan ziren %10 gainditu zutenak: UDFk %18,5 —6,8 milioi boto—, eta FNk %10,4 —3,8 milioi boto—.

Bigarrengo itzulian, UMPk aldea handitu egin zuen PSrekiko, 2,2 milioira. Ondorioz, ez dirudi UDF zentroko boto-emaileak nabarmen joan zirenik PSra azken itzulian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna