Euskal herria

Nafarrateren aitak salatu du Herrizaingo Sailak semearen irudia "desitxuratu eta zikindu" duela

Martxoaren 29ko greba egunean larri zauritu zen gaztearen aitak agerraldia egin du arratsaldean Eusko Legebiltzarrean, eta Aresen bertsioak "kontraesanak eta akatsak" dituela frogatzeko asmoz bi bideo erakutsi ditu. Beste bideoa, hemen. 

2012ko maiatzaren 9a
18:59
Entzun

Martxoaren 29ko greba egunean larri zauritu zen Xuban Nafarrateren aitak agerraldia egin du gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean, “tratu txarrak jasandako guztien eskubideak defenditzeko justizia eta egia” eskatzeko. Bere semearen irudia defendatu nahi izan du, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailetik "behin eta berriz desitxuratua eta zikindua" izan dela uste baitu. Ertzaintzaren jokabidea gaitzetsi du, "gehiegikeria" egon delakoan.

Horrekin batera, auzitegiko mediku baten esku hartzea eskatu du Joseba Nafarratek, semearen osasun egoera aztertzeko. Gainera, gomazko piloten erabilera "behin-betiko" desagertzeko eskatu du, baita "salbuespen egoeretan" ere.

Bi bideo aurkeztu ditu froga gisa

Joseba Nafarratek gogorarazi du martxoaren 29an gertatutakoaren bi bertsio daudela: Herrizaingo Sailarena —Xuban lasterka ari zela lurrera erori zela dio— eta lekukoena —haien arabera, ertzainen pilotakada baten ondorioz zauritu zen gaztea—. Nafarratek lekukoen testigantzen alde egin du: “Egin daitekeen interpretaziorik koherente eta zentzuzkoena da”.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren bertsioak "kontraesanak eta akatsak" dituela frogatzeko asmoz, bideo bat erakutsi du. Horretan, gazteak kolpea jaso zuen unea erakusten da, baita kolpearen eraginez hark izandako zaurien irudiak ere.

Bideoa erakustearekin batera, Herrizaingo Sailak emandako hainbat datu gezurtatu ditu Xubanen aitak: ertzainen autoa Juan XXIII.a kalera sartu zenean ez zegoen edukiontzirik mugitzen duen zalapartaririk; inputatuak izan direnak ez zituzten atxilotu tiroa jaurti aurretik, baizik eta ondoren. "Gure semea ez zen lurrera erori korrika ari zen bitartean, baizik eta tiroaren ondorioz".

Tiroa jaso ostean, Nafarratek salatu du bere semea jipoitu egin zuela ertzain batek. Gogorarazi du semea atzerantz eta eskuin alderantz erori zela, eta kolpea ezkerreko aldean duela. Nafarratek behin eta berriz gogoratu du Aresek ez duela egia esan.

"Gezurrak eta gehiegikeriak, etengabe"

Martxoaren 29ko gertaeretatik haratago, bi kasu aurkeztu dizkio Nafarratek Herrizaingo sailburuari, ertzainen jokaera zalantzan jartzeko deia eginez. Batetik, adierazi du ertzainek Xubanek aurrekariak zituela esan zutela, eta bideo bat erakutsi die hori gezurtatzeko. Egozten dizkioten aurrekari horiek 2011ko ekainaren 11ri dagozkio; horretan, ertzain bati eraso egin izana leporatzen diote gazteari.

Ertzaintzaren jokaera salatzeko, bigarren froga bat aurkeztu du Xubanen aitak. Greba orokorraren egunaren biharamunean Xubani babesa adierazteko Gasteizen egindako agerraldian gomazko pilotak erabili zituztela salatu du. Efe eta Europa Press berri agentziek, Herrizaingo Saileko iturriak erabiliz, gomazko pilotarik erabili ez zela zabaldu zuten.

Hori frogatzeko, gomazko pilota bat erakutsi du Nafarratek, eta lekuko izan ziren asko deklaratzeko prest daudela ohartarazi du. "Uste dut Ares jaunak arazo larri bat duela aurrean. Herrizaingo Sailetik behin, birritan eta hirutan gezurra esan badute, zergatik sinistu behar dut orain egia esaten ari direla?".

Aresek kasuaren inguruko argibideak azaltzeko emandako prentsaurrekoa kritikatu du Joseba Nafarratek, "ez baitzuen benetan gertatutakoaren xehetasunik eman". Horrekin batera, onetsi egin du Iñigo Lamarca EAEko arartekoak kasua ikertzeko egindako eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.