konponbideari begira

Gobernuekin "elkarrizketa zuzena" izateko ordezkaritza bat izendatu du ETAk

Europari eskatu dio "gatazkari behin betiko konponbidea emateko prozesua sustatzeko". "Aieteko Adierazpena bere osotasunean garatzeko baldintzak" daudela uste du, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei galdegin die bere deiari "luze gabe erantzun positiboa" emateko. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak maiatzaren 4an zioen ETA desarmeaz hitz egiteko prest dagoela gobernuekin. ETAk lau gai ezarri ditu agendan, egiaztatzaileen arabera; presoak, egitura militarren desegitea, desarmea eta "euskal lurraldeen desmilitarizazioa".

Berria -

2012ko maiatzak 16

"Espainiako eta Frantziako gobernuekin elkarrizketa zuzenak abiatzeko ordezkaritza" izendatu du ETAk, France Presse berri agentziari igorritako agiri batean dioenez —apirileko data du agiriak—. "Europako komunitateak eta Europako instituzioek zabalduko prozesua babesteko eta sustatzeko erronka dute, Europaren bihotzean dirauen gatazka historiko honi behin betiko konponbidea eman ahal izateko. Hori da ETAren nahia eta konpromisoa", dio agiriak.

ETAk gogoratu du iazko urrian Aieteko Konferentzian "elkarrizketa eta akordioaren beharra nabarmendu" zutela, "ETAren eta gobernuen artean gatazkaren ondorioak gainditzeko, eta euskal eragileen artean bake egoera egonkor eta iraunkorra sortzen lagunduko duten akordioak erdiesteko". Konferentziatik hiru egunera jakinarazi zuen ETAk jarduera armatua behin betiko bukatu duela.

"ETAk uste du Aieteko Adierazpena bere osotasunean garatzeko baldintzak badaudela", esan du oraingo agirian, eta gaineratu du bere deiari bi gobernuek "luze gabe erantzun positiboa" eman beharko lioketela.

Hain justu, François Hollande PSko kideak atzo hartu zuen Frantziako presidente kargua. Espainian Mariano Raxoi PPko kidea abendutik dago presidente postuan.

NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak maiatzaren 4an zioen ETArekin harreman zuzena izan berri zuela eta hark esan ziola prest dagoela bi gobernuekin su-etenaren egiaztatze fasea atzean utzi eta behin betiko irtenbideak emateko fasera igarotzeko. Mezu hori zabaldu zuten egiaztatzaileek Bilbon, Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragileekin egindako bileretan. 

ETAk lau gai ezarri ditu agendan, Ram Manikkalingam NEBeko ordezkariak azaldu zuenez; presoak, egitura militarren desegitea, desarmea eta "euskal lurraldeen desmilitarizazioa". Lau puntu horien ordena gutxienekoa da, NEBen arabera. Gainera, ETAren planteamendua ez da agenda itxi bat egitea; "gobernuei euren puntuak jartzeko aukera eman die", Manikkalingamen hitzetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna