Bartzelona txapeldun

Aise irabazi dio Athletici Espainiako Kopako finala. Aurreneko zatian gol aukera ugari sortu du, eta 24. minuturako 0-3 irabazten jarri da. Pedrok bi gol sartu ditu eta Messik bestea. Athleticek ez ditu baliatu bigarren zatiko aukerak. Bilboko taldeak hiru astean bi final jokatu eta biak galdu ditu, biak 3-0.

Messi 0-2ko gola ospatzen.
Messi 0-2ko gola ospatzen.

Berria -

2012ko maiatzak 26

Aurten bi finalera iritsi da Athletic, handia da hori, baina biak galdu ditu: maiatzaren 9an Europako Ligakoan 3-0 Atletico Madrilen kontra eta orain 3-0 Espainiako Kopakoa Bartzelonaren kontra. Bietan ez du itxura onik eman. Baina bi finaletara heldu da.

Kopako titulua lehen zatian galdu du. Bartzelona indartsu atera da, edo Athletic bigun. Kontua da 25. segundorako ia sartu duela Leo Messik 0-1ekoa. Eta segituan Pedrok egin du kasik lehen gola. Eta 2. minutuan sartu du Bartzelonak 0-1ekoa, Pedrok.

Eta Bartzelonak antzera segitu du, baloia oso goian mugitzen, bere ukituen ondorioz edo Athletici baloia lapurtuta. 20. minutuan Messik 0-2koa. Handik lau minutura Pedrok 0-3koa. Eta berehala ia Messik 0-4koa.

Ondoren egin du Bilboko taldeak lehen errematea. Pixka bat geroago Fernando Llorenteri Gerard Piquek area barruan heldu egin dio, baina epaileak ez du penalti adierazi. Ia horixe baino ez du egin, baina, Athleticek. Bartzelonak, aldiz, lehen zatiko bukaeran erritmoa pixka bat jaitsi duen arren, nagusitasuna erakutsi du. 0-3 atsedenera.

Bigarren zatia parekatuagoa izan da. Ibai Gomezek aukera ona izan du 51. minutuan. Llorentek ere 64.ean buruz aukera polita izan du, baita Jon Aurtenetxek ere 76.ean. Ezin sartu Athleticek golik, ordea. Europako Ligako finalean bezala. Merezita galdu du bietan.

Bartzelona da Kopa titulu gehien dauzkan kluba: oraingoarekin, 26. Athleticek 24 ditu.

Bilboko taldeak 1984an irabazi zuen azkeneko aldiz; hain zuzen, Bartzelonaren kontra, 1-0, Endikaren golari esker.

Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe; De Marcos (Herrera, 46m.), Javi Martinez, Muniain; Susaeta (Iñigo Perez, 46m.), Llorente (Toquero, 73m.)., Ibai Gomez. 

Bartzelona: Pinto; Montoya, Pique, Mascherano, Adriano; Xavi (Cesc, 81m.), Busquets, Iniesta; Pedro (Thiago, 87m.), Messi, Alexis (Keita, 71m.). 

GOLAK

0-1: Pedrok (2m,). Korner batean baloia soltean geratu da area barruan, ezkerrez jo eta gola sartu du.
0-2: Messik (20m,). Iniestak area barruan Messiri pasea, eta honek eskubiz gola.
0-3: Pedrok (24m,). Area kanpotik ezkerrez jaurti eta gola.

TXARTEL HORIAK. Athletic: Susaeta, Iraola. Bartzelona: Xavi, Iniesta.

Vicente Calderon Madrilgo estadioan jokatu dute finala.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna