KULTURA

Abian da Literaturia azoka

Asteburu osoan zehar liburu aurkezpenak eta beste hainbat ekitaldi izango dira Larrabetzun. Euskara hutsezko lanei lekua egitea du xede literatur jaialdiak. Aurten 'Lauaxeta' idazlea omendu nahi izan dute, eta hil zuten egunean soinean zeraman jaka hautatu dute festaren ikur gisa.

Berria -

2012ko ekainak 1

Asteburuan zehar Literaturia azoka egingo dute Larrabetzun (Bizkaia), euskara hutsezko literaturari eskainitako jaialdia. Durangoko azokarekin (Bizkaia) eta Sarakoarekin (Lapurdi) alderatuz, hori du hain zuzen bereizgarria, euskara hutsezkoa izatea. Urteen joanarekin uda hasieran euren lanak aurkeztu nahi dituzten idazleentzat topaleku interesgarria bilakatu da Literaturia.

Biotz Zulueta antolatzailearen esanetan azoka literatur jaialdi bat baino gehiago da, "jaialdi honetan etortzen den orok aurkituko du gustuko duen zerbait" dio Zuluetak. Goizeko hamaiketan eman diote hasiera azokari, Idazlea zeu zara umeentzako antzezlanarekin. 

Aurtengo jaialdiko irudiak historia du atzean: Estepan Urkiaga Lauaxeta orain 75 urte erail zuten idazlearena. Unai Iturriagak Lauaxeta hil zuten egunean soinean zeraman jaka hautatu du festaren kartela sortzeko ikur gisa, eta jantzi horren laguntzaz egingo diote omenaldia gaur poetari, gaueko hamarretan. 

Lauaxeta: ez zuten poeta fusilatu ikuskizuna izango da ikusgai herriko plazan, musika, olerkien irakurketa eta bideo proiekzioekin osatua. Omenaldi berezian parte hartuko dute Eñaut Elorrietak, Mikel Urdangarink, Rafa Ruedak, Jabier Muguruzak, Txuma Murugarrenek, Francis Diezek, Anje Duhaldek, Xabi Strubellek, Pettik, Ane Zabalak, Goizalde Landabasok eta Edorta Jimenezek.

Badira, halaber, bestelako proposamen bereziak. Adibidez, Rapari poesia dosi bat ematea eta poesiari erritmoa jartzea. Koldo Izagirre idazlearen testuak hartu eta rap doinuetara moldatu dituzte EH3 kolektiboko kideek. Bihar izango da hori, 23:00etan, Hori Bai gaztetxean. 

Egitaraua

- Gaur: 11:00etan, Idazlea zeu zara antzezlana umeentzat, Artedrama eta Dejabu panpin laborategiak antzezturik (Angulerin). 22:00etan, Lauaxeta: ez zuten poeta fusilatu ikuskizuna (plazan). 

- Bihar: 10:00etan, Mahai ingurua, 111 Akademiaren gidaritzapean (Angulerin). Gaia: Nork erakusten digu zer irakurri? Zeren arabera hautatzen ditugu liburuak?. 12:00etan, liburuen aurkezpenak (Angulerin) eta umeentzako antzerkia (plazan). 15:00etan, herri bazkaria (eskolan). 18:00etan, Kukubiltxoren umeentzako antzezlana: Leihotik mundura (Hori Bai gaztetxean). 18:30ean, Xentimorik gabe antzezlana (plazan) eta 20:30ean, Xabier Montoiaren kontzertua. 23:00etan, EH3 Kolektiboaren kontzertua, Koldo Izagirre idazlearen testuetatik abiatuta (Hori Bai gaztetxean).

- Etzi: 10:00etan, Mahai ingurua, EIZIEk antolaturik. Gaia: Idazlearen eta irakurlearen artean, itzultzailearen itzala (Angulerin). 12:00etan, liburuen aurkezpenak (Angulerin) eta umeentzako antzerkia (plazan). 15:00etan, herri bazkaria (eskolan). 17:30ean, bertso trama literarioa (plazan). 19:00etan, poesia errezitaldiak eta 20:30etan, Mugaldekoak taldearen kontzertua (Hori Bai gaztetxean).

Bi egunetan liburu azoka egongo da Larrabetxuko plazan, 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00tara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna