ipar euskal herria

EH Bai prest azaldu da bigarren itzulira igaro direnekin hitz egiteko

ABk eta Batasunak osatutako koalizioa Ipar Euskal Herriko hirugarren indarra bihurtu da, PS eta UMPren ondoren. Aitortza instituzionala, konponbide prozesua edota euskararen ofizialtasuna dira EH Bairen gai nagusiak.

Anita Lopepe EH Baiko hautagaia atzo, Ainhize Monjolosen.
Anita Lopepe EH Baiko hautagaia atzo, Ainhize Monjolosen. / P. Tohier

Berria -

2012ko ekainak 11

Euskal Herria Bai koalizioa Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren itzulira pasatu diren hautagaiekin hitz egiteko prest azaldu da. Batez ere, PS jarri da ABk eta Batasunak osatutako koalizioari begira. Laugarren barrutiko PSko hautagai Frantxoa Maitiak, kasu, EH Bairi eskatu dio "ezkerrari" botoa emateko. Barruti horretan %13 pasako babesa lortu du EH Baik.

Koalizioak orotara 11.518 boz erdietsi ditu, eta Ipar Euskal Herriko hirugarren indarra bihurtu da, PSren eta UMPren ondotik.

Jean François Lefort Batasuneko kideak gogoratu du EH Bairen gai nagusiak Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala, konponbide prozesua, euskararen ofizialtasuna eta eredu sozioekonomikoa direla, eta horiei buruz beste alderdiekin aritzeko prestasuna dutela. Hala ere, aitortu du PS eta UMPrengan "konfiantzarik" ez dutela.

Abertzaleen botoak

Laugarren hautesbarrutian 3.492 boz (%6,8) lortu ditu EHBaiko Anita Lopepek, Amalur kolazioak 1.165 boz (%2,27) eta EAJko Pako Arizmendik 456 boz (%0,89).

Bosgarren hautesbarrutian, abertaleentzako hautesbarrutirik gogorrena, EHBaiko Laurence Hardouinek 2.626 boz (%5,28) eskuratu ditu, duela bost urte baino 400 boz gehiago. Amalurreko hautagaiak 1.801 boto lortu ditu (%3,62). EAJk ez du hautagairik aurkeztu barruti horretan.

Seigarren hautesbarrutian ere abertzaleek EHBairen aldeko parioa egin dute eta Peio Etxeberri Aintzartek 5.400 boto eskuratu ditu (%9,78). Amalurreko hautagai Philippe Etxeberrik 1793 boto ukan ditu (%3,25) eta EAJko hautagai Jean Telletxeak 989 boz (%1,79)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna