Iparraldeko sei hautagaiak

 

Ainhoa Arano -

2012ko ekainak 17

Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak bi itzulitan egiten dira. Hautagaiek botoen %12,5 eskuratu behar dute bigarren itzulira pasatzeko. Portzentaia hori kontuan harturik, laugarren barrutian, Lassalle eta Maitiaren artean egin da bigarren itzulia; bosgarrenean, Grenet eta Colette Capdeviellen artean eta, seigarrenean, Alliot-Marie eta Alauxen artean.

4. Hautesbarrutia

- Jean Lassalle (1955, Lourdios-Ichère, Okzitania): zentroko alderdiko hautagaia. Artzain tradizioko familia batetik dator Lasalle, baina gaztetan murgildu zen jada politika munduan. 1977an, 21 urterekin, herriko alkatetzara iritsi zen eta bertan da ordutik. 2002. urtetik da Modemeko diputatu Frantziako Legebiltzarrean. 2007ko bozetan bigarren atera zen lehenengo itzulian.

Bigarren itzulira hiru hautagai aurkeztu ziren eta botoak hiru aldeetara banatzeak ekarri zion garaipena. Orain urte bi Modem alderdiko presidenteorde izendatu zuten. Atzo, baina, Jean Lassallek ere ez zuen segurtatua aulkia, eta aitortzen du “egoera prekarioan” dela. Eskuinaren sostengua behar zuen bigarren itzulian, eta hori argi zeukan.

- Frantxua Maitia (1952, Izpura, Nafarroa Behera): PSko hautagaia. Ipar Euskal Herriko alderdi sozialistako burua da Maitia eta alderdiko kidea 1974tik. Irakasle gisa jardun zuen 1974 eta 1990 bitartean, baita sorterriko auzapez bezala ere, 2004ra arte. Urte horretatik egundaino Akitaniako Lurralde Kontseiluko presidenteordea da. Halaber, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko hautetsia da.

Biarno eta Ipar Euskal Herriko eremurik handiena uztartzen dituen laugarren hautesbarrutian lehen postua erdietsi zuen Frantxua Maitia hautagai sozialistak lehen itzulian. Hiru mila bozen aldea atera zion Jean Lasalle zentristari, baina honek UMPko bozen sostengua izan du. 

5. Hautesbarrutia

- Jean Grenet (1939, Baiona, Lapurdi): UMPko hautagaia. Kirurgia ikasketak egin zituen Grenetek. Baionako zinegotzi aukeratu zuten 1989an eta hiriko alkate bihurtu zen handik sei urtera, aitak, Henri Grenetek, kargua utzi ostean. Baionako alkatea da orain ere. Horretaz gain, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko hautetsia izan zen 1992an, UDF alderdiarekin, eta 1994an, UMP alderdiarekin.

Bosgarren barrutiko diputatu izan zen 1993tik, 1995era bitarte. 2002ko bozetan eta 2007koetan kargua berritu zuen. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaz zuen iritzia aldatu du Jean Grenetek azkeneko urteetan. Lehen, erabat aurka zen; orain, berriz, euskal departamendua aldarrikatzen du, “gaur egungo egoerara etortzeko ordez departamendua sortzeko aukera nahiago” duelako.

- Colette Capdevielle (1958, Ortheze, Okzitania): PSko hautagaia. Ama eta abokatua, Pauko Helegite Auzitegian dihardu. Baionako zinegotzia da. Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko hautetsi izana. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari buruz adostuko den eskaria “osoki errespetatuko” duela esan zion Capdeviellek BERRIAri elkarrizketa batean. Halere, ez zuen zehaztu eskakizuna lege proposamen bihurtuko balitz Frantziako Legebiltzarrera eramango lukeenik: "Erabakia departamenduko beste hautetsi sozialistekin hartuko beharko nuke”, azaldu zuen.

Capdeviellek uste zuen bazuela aukera Jean Grenet diputatua garaitzeko; azken bozak sozialistek irabazi izanak ematen zion baikortasun hori. Lortu du xedea.

6. Hautesbarrutia

- Michele Alliot-Marie (1946, Villeneuve-le-Roi, Frantzia): UMPko hautagaia.  Bi hitzetan, emakume boteretsua. Frantziako alderdi nagusienetariko baten buruan egon den lehendabiziko emakumea da eta bide luzea egin du politikagintzan. Aita Bernard Marie zuen, Miarritzeko alkate izandakoa. Parisko Unibertsitatean zuzenbidea ikasi zuen, doktoretza lortuz. Gainera, politika zientziak eta etnologia ere ikasi zituen. Frantziako estatu mailan politikan sartu aurretik, Alliot-Marie zinegotzia izan zen Ziburun 1983 eta 1988 artean eta Miarritzen 1989 eta 1992 artean. 1992 eta 2002 bitartean, Donibane Lohizuneko alkate bilakatu zen.

Rassemblement pour la République alderdiko presidente izan zen 1999tik 2002ra bitartean, eta 2009tik gaur eguneraino UMP Union pour un Mouvement Populaire alderdiko presidenteordea da. Legegintzaldi ezberdinetan gazteria eta kiroletako, justiziako, barne arazoetako eta defentsako ministroa izan da. 2011n atzerri ministro kargua utzi behar izan zuen eskandalu publiko batzuen harira. Hain zuzen, Alliot-Marie Frantziako Gobernuko barne ministro zen 2008an.  

Pirinio Atlantikoetako biltzarkide izan da 1986, 1988, 1993, 1995, 1997, 2002 eta 2007 urteetan, baita Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko Presidenteordea (1994-2001) eta Kontseilari Orokorra (1994-2001) ere. 

- Sylviane Alaux (1938): PSko hautagaia. Ziburuko zinegotzi izan zen 2001n eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko Kontseilari atera zen 2004an.  

Sylviane Alauxek ibilbide luzea du alderdi sozialistaren baitan. Baina beti izan du euskal instituzio baten aldeko jarrera: euskal departamenduaren aldeko garaian, eta lurralde elkargo baten alde egun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna