KUltura

Hirugarren espioia, hamargarren katolikoa

Literatura anglosaxoniarraren ikonoetako bat da oraindik, baina The power and the glory (Boterea eta gloria) edo Human Factor (Giza Faktorea) lanetan orri bikainak badira ere, ez da bere ekoizpena, hutsik hartuta, Graham Greeneren alderdi erakargarriena. Bidaiari nekaezin eta espioia; prostitutazale eta katolikoa; teologo bikain eta maniako depresiboa... egin zuenaren eta idatzi zuenaren artean beti egon zen kontraesanak, horrek egiten du hurbil, eta interesgarri. Barne korapiloen inguruan nola eraiki zituen bere istorioak, nola utzi zuen beti, lerro artean hondarra, mordo askaezina.

2004ko urriaren 2a
13:04
Entzun
Kontzientzia arazoei irtenbidea emateko ahaleginean, pertsonaia gogoangarriak sortu zituen literaturaren historiarako, eta, batez ere, ikasbidea eman: galderak eta erantzunak proposatzea estiloa bera baino garrantzitsuagoa iruditu zitzaion. Gaur duela ehun urte jaio zen.

'The Times' egunkariako zuzendariordea

Robert Louis Stevenson handiaren ondorengoa, Graham Greene, Berkhamsteaden munduratu zuten (Ingalaterra), 1904ko urriaren 2an. Oxforden ikasi eta gero, The Times egunkarian hasi zen lanean; baina, Ingalaterrako burgesiakoa izaki, bidaiak egiteko aukera izan zuen, eta aprobetxatu egin zuen. Afrikan ibili zen batez ere, eta han hasi zen Britainia Handiko zerbitzu sekretuentzat lan egiten, kolaboratzaile. Harremana luzea izango zen, eta bere nobela askotan espioitza giro hori nagusitu zen gero.

Unibertsitate giroko aldizkarietan hasi zen idazten, eta The Times egunkariko orrietan gero. 1926tik 1930era, egunkariko zuzendariordea izan zen.1926an bere bizitza osoa markatu zuen erabakia hartu zuen: katoliko egin zen. Etikaren eta moralaren inguruko gogoetak nabari dira, hortik aurrera, haren lanean. Hor du marka: bere lanetan pertsonaien psikologiak sekulako garrantzia hartu zuen, beti nagusitu zirelako fedearen eta praktikaren arteko borrokak, eta onaren eta gaizkiaren muga mehea behin eta berriro zeharkatu zuten egoerak.Gizatasun sentimendu arazotsua ageri da lerro artean. Zantzu autobiografikoak dira askotan: bekatu egiten ari diren susmoa duten pertsonaiak, kontzientzia arazoekin larriturik. Bukaerak ere halakoak: tragikoak, irudiz soluziorik ez duen arazo moral eta teologikoetan murgildurik. Biografikoak, esan dugu.

Sexuan «aseezina»

Berriki argitaratu da Greenek berak izendatu zuen biogra-fo ofizialaren lanaren azken emaitza. «Mugak eta tabuak gainditzen bizitza osoa eman zuen gizona». Halakoa da Norman Sherryk egin duen erretratoaren profila. Prostituzio etxeen bisitari fidelaren irudia nagusitzen da «sexuan aseezina», bere amorante bati munduan zehar zituen 47 prostituta gogokoenen zerrenda eman ziona.

Jakina zen emakume asko izan zuela eta, katoliko batekin ezkonduta bazegoen ere, inoiz ez ziola bere grinari mugarik jarri. Catherine Walson bere maitaleetako bat hil zenean, senarrak idatzi zion. «Ez zenuke arrangurarik izan behar. Min egin zenuen, egia da, baina nork esan dezake, zintzoa bada, bizitzan ez duela minik egin? Pozaldi asko ere eman zenizkion. Catherineri eskaini zenion inork, lehenago, eskaini ez zion zerbait».Urte batzuk geroago, Espainian, apaiz bati aitortu zion ezin zuela konfesioa hartu. «Hori serioa da. Badakit ez nagoela grazian, eta ezin naiz elizara hurbildu».

Zinemarekin lotura handia zuten lanak denak

Zinemarekin harreman harrigarria du haren ekoizpenak. Literatur lan batzuk propio pantailara eramateko eginak direla ematen du, pertsonaiak primeran eraikiak daudelako, eta alde ilunak eta bikoitzak ugari, egoerak korapilatsuak eta bukaerak beti efektiboak direlako. Kritikari askok esan dute: narratzailearen sena. Irakurlearen arreta eskatzen zuen lehen lerrotik bukaera arte, eta lortzen zuen.

Pantailara eramandakoen artean oroitzeko modukoak dira The third man (Hirugarren gizona), The quiet american (Amerikar lasaia), edo Travels whit my aunt (Nire izekorekin bidaiak). Hollywooden arrakasta izan zuten, nahiz idazleari «txarrak baino txarragoak» iruditu zitzaizkion beti.Zinemari esker famatu bazen ere, horrek halako mespretxua ekarri zion literaturazale zenbaiten artean. Nobelak hain zuzen zinemarako baliagarriak izateagatik goi mailako literatur lanak ez balira bezala. Espioitza edo nobela beltzaren gaineko aurriritzia dago atzean, baina Greene ez zen, narratiboki, berritzaile izan, interesa eta trama nahiago izan zuelako beti. Artifizio gehiegi erabiltzea, hariak sobera lantzea, sigi-saga demasako gidoiak egitea ere leporatu izan zaio.Bi lan daude euskaratuta. Hirugarren gizona (Elkar) eta Giza faktorea (Ibaizabal) «Gaizkia egiteko, nire gaitasuna neurtuko didan erlijioa aurkitu behar dut», esan zuen behin. Erlijioa jartzen duen tokian literatura irakurriz gero, bere lanaren eta bizitzaren definizio ona izan genezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.