pilota

Olaizola II.a txapeldun

22-7 irabazi dio Irujori Buruz Buruko Txapelketako finalean, Bilbon. Irujo 5-7 joan da irabazten. Modalitateko hirugarren txapela du Olaizolak.

Olaizola II.a eta Irujo gaur Bilbon, partidaren ostean.
Olaizola II.a eta Irujo gaur Bilbon, partidaren ostean.

Berria -

2012ko ekainak 24

Faborito argirik gabeko finala zen teorian Aimar Olaizola Olaizola II.a.ren (Goizueta) eta Juan Martinez de Irujoren (Ibero, 1981) arteko Buruz Buruko Txapelketakoa, baina partida, azkenean, ez da lehiatua izan, Olaizolak aise eraman baitu txapela, 22-7 irabazita.

Irujok hasieran baino ez dio egin aurre; 5-7 joan da irabazten. Handik aurrera erabat izan da nagusi Olaizola. Gainera, joko txarra erakusteaz gain, jokabide eskasa izan du Irujok, aulkia-eta airean botaz.

Bilbon jokatu dute finala, Bizkaia pilotalekuan. Ia leporaino zegoen. 46 minutu iraun du partidak.

Oraingo honekin, Olaizolak hiru aldiz irabazi du Buruz Buruko txapela: 2005, 2007 eta aurten. Irujok lau bider: 2004, 2006, 2009 eta 2010ean.

Finalean lau aldiz aritu dira biak. 2005ean Olaizolak irabazi zuen (22-18), 2006an Irujok (22-17), 2009an atzera Irujok (22-12), eta aurten Olaizolak, arestian esan bezala.

Iaz Yves Salaberri Xala izan zen txapelduna. Olaizola II.a hartu zuen mendean, 22-19, Bizkaia frontoian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna