Ipar Osetia

Mozdokeko erasoarekin ez duela zerikusirik dio Txetxeniako gerrillak

Ipar Osetiako Mozdok hirian Errusiako Armadaren ospital militar baten aurka atzo egindako atentatuarekin zerikusirik ez duela jakinarazi du gaur Txetxeniako gerrillak. Hain zuzen ere, Txetxeniatik hurbil dago Mozdok, eta, hasiera-hasieratik, hango gerrilla independentistari egotzi zion Errusiako Gobernuak erasoaren ardura. Gerrillariek, ordea, atentatuaren berri Errusiako hedabideen berriz izan dutela adierazi dute, eta ez dela beren ekintza. Erreskate taldeek lanean segitzen dute, eta dagoeneko 39 hilotz atera dituzte hondakinen artetik.

Berria -

2003ko abuztuak 2
Nolanahi ere, hildakoak oraindik ere gehiago izan daitezkeela onartu dute Errusiako agintariek. Hain justu, oraindik beste lagun mordoska bat —7tik 18ra bitartean— ospitalaren hondakinen artean harrapatuta daudela jakinarazi dute erreskate taldeek, eta zaila izango dela haietako inor bizirik ateratzea. Horrez gain, leherketak harrapatutako beste 79 lagun ingresatuta daude erietxeetan, haietatik hamar oso larri. Guztira, eztandak kaltetutako 300 bat lagunek behar izan dute medikuen laguntza, baina gehienek zauri arinak zituzten. Atentatua gertatu zen unean, 119 lagun zeuden ospitalean: 98 gaixo eta 21 mediku eta erizain. Erasoa suizida izan den edo ez argitzeke dago. Funtsean, lehergailuz betetako kamioi bat jaurti zuten ospitalaren aurka, baina gidaria ote zeraman edo, aitzitik, urruneko aginte tresna baten bidez gidatu ote zuten ikertzen ari dira orain. Lekukoen arabera, eztanda ikaragarria izan zen: 15 kilometrora entzun zen leherketa, eta sei kilometrora haren astinaldia sentitu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna