NAFARROA

Etxarri Aranazko udal langileen aurkako eraso larriak salatu dituzte

Abuztuaren 3an udal langile baten etxeak su hartu zuen, itxura guztien arabera, norbaitek eraginda. Etxarriko Udalak aurreratu du aztertzen ari dela prozesuan akusazio partikular moduan agertzea.

Alkatea, zinegotziak eta langileak, prentsaurrekoan.
Alkatea, zinegotziak eta langileak, prentsaurrekoan. / Idoia Zabaleta/ARP

Berria -

2012ko abuztuak 9

Etxarri Aranazko hautetsi eta udal langileek prentsaurrekoa eman dute, azkenaldian jaso dituzten irain, mehatxu eta eraso larriak salatzeko. Hainbat gizarte eragileren babesa izan dute. 

Abuztuaren 3an udal langile baten etxeak su hartu zuela salatu dute, itxura guztien arabera, norbaitek eraginda. Une horretan, etxe barruan omen zeuden langilea bera eta hainbat senide ere. Zorionez, erasoaz konturatu eta suhiltzaileei garaiz abisatu zietela azaldu dute. Suteak kalte materialak besterik ez zuen eragin. Etxarriko jaien bezperan gertatu zen erasoa, gauez, eta bozeramaileek azaldu dute gaia ez dutela orain arte kaleratu nahi izan, "herriko giroa ez nahasteko". 

Ez da azken asteetan herrian jazotako gertaera larri bakarra. Ekainaren 16an, Etxarri Aranazko Udaleko alkate, zinegotzi eta langileen kontrako mehatxuak agertu ziren San Adriango baselizako horman margotuta. Eta, gauean, langile baten bordak su hartu zuen, kiskaltzeraino. Egun batzutara, udalbatzak, aho batez, gertaera larri horiek salatu zituen mozio bidez. 

Udalak jakinarazi du kaltetuek salaketa egin dutela epaitegian, eta aurreratu du aztertzen ari direla prozesuan akusazio partikular moduan agertzea. Udaleko kideek gogor salatu dituzte gertaerak, eta babes osoa erakutsi diete irainak eta erasoak pairatu dituztenei; "udal hautetsi eta langileak iraintzea etxarriar guztiak iraintzea delako". Halaber, konpomisoa hartu dute beharrezko erabaki administratiboak hartzeko. 

Bozeramaileen esanetan, "erasotzaileak, herriko giroa pozoitu nahi badute, oker dabiltza". Herritarrei elkarbizitzaren alde eta gizarte demokratiko bat eraikitzearen alde lan egiteko eskatu diete. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna