Ondo ordaindutako sei milioi euro

2012ko abuztuaren 29a
17:01
Entzun

Orain Bayernek bezala, Athleticek Javi Martinez Osasunako bigarren taldetik fitxatu zuenean etete-klausula ordainduta egin zuen, 2006an. Patxi Izko zen orduan Osasunako presidente, eta negoziatu nahi izan ez zuenez, Athleticek sei milioi euro ordaindu behar izan zituen. Diru asko zen, baina jokalariak ondo ordaindutzat eman ditu talde zuri-gorrian jokatu dituen sei denboraldietan. Eta orain, gainera, Bayernek 40 milioi euro ordainduko ditu.

Guztira 201 partida jokatu ditu Ligan Martinezek, guztiak lehen taldearekin (Lehen Mailan debuta Athleticekin egin zuen, Osasunan bigarren taldean aritu baitzen), eta 25na Espainiako Kopan eta Europako Ligan.

Athleticera iritsi zenean Javier Clemente entrenatzaileak ez zuela nahi esan zuen. Hasi eta berehala, ordea, postua irabazi zuen taldean, batik bat, lanerako eta korrika egiteko gaitasun aparta erakutsiz; hemezortzi urte bete gabe zituen. Sarriugarte, Mane eta Caparrosen aginduetara aritu da, Bielsarekin aritu aurretik.

Athleticekin, 29 gol

Zelai erdian jokoa banatzen aritu zen Martinez lehen denboraldietan, baina azken urteetan bere kokapena atzeratu egin du, eta horrekin batera defentsarako sendotasun handia erakutsi du. Hala ere, Espainiako Ligan 25 gol sartu ditu sei urte hauetan, Kopan bi eta Europako Ligan beste bi.

Gaur egun 23 urte ditu (igandean beteko ditu 24), eta Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa eta Eurokopa irabazi ostean, bidertu egin dira jokalaria fitxatu nahiko luketenak. Azken asteetan, ordea, soilik Bayern Munichek agertu du 40 milioi euro ordaintzeko zalantza, Jupp Heynckesek ezinbestekotzat jo baitu taldean izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.