GREBA OROKORRA

Muñoz: "Desobedientziarik gabe, ez dago berezko politikarik"

Euskal Herriko langileria "alarma egoeran" dagoela esan dute sindikatuek Bilbon egindako agerraldian, eta egoera horri buelta ematea "urgentea" dela gaineratu. Halaber, urriaren 21eko hauteskundeen inguruko "leloak eta kalkuluak" alde batera uzteko eskatu diete euskal alderdiei, eta iraliaren 26rako greba orokorrerako deia egin.

Greba deitzaileen agerraldia, Bilbon.
Greba deitzaileen agerraldia, Bilbon. / ELA

Berria -

2012ko irailak 6

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak interpelazio zuzena egin die euskal alderdi politikoei, irailaren 26rako greba orokorrera deitu duten sindikatu eta gizarte eragileek Bilbon egindako agerraldian. Muñozen esanetan, "desobedientziarik gabe, ez dago berezko politikarik". 

Hala, "Raxoik agintzen duena" egingo duten galdetu die euskal alderdiei. Datorren urriaren 21eko hauteskundeei begira, "leloak eta kalkuluak” alde batera uzteko eta euren proposamenak “zehazteko” eskatu die alderdiei Muñozek. Espainiako Gobernuaren neurriei "men" egitekotan, Euskal Herriko indar politikoek "alternatibarik ez dagoela" onartuko lukete ELAko idazkariaren aburuz.

“Alarma egoeran”

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren iritziz, "mobilizazio agenda propioa" finkatzea sindikatuon "erantzukizuna" da. "Oso ikasturte garrantzitsuaren aurrean gaude", azaldu du. Euskal Herriko langileria "alarma egoeran" dagoela esan du, eta egoera horri buelta ematea "urgentea" dela gaineratu. Etxaideren aburuz, "hori bakarrik gertatuko da gobernuak behartzen baditugu politikaz guztiz aldatzera". Halaber, grebara  "ahalik eta modu bateratuenean" deitzeari garrantzi handia eman dio.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren gizarte politikak "egin daitezkeen bakarrak" direla ukatu du Etxaidek: "Jendea miseriara kondenatzea hautu politiko bat da". Politika horiek "kalera aterata" alda daitezkeela uste du LABeko idazkari nagusiak. Haren esanetan, grebak "alternatiba zabaltzeko" balioko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna