katalunia, diada

Ikaragarrizko jendetza Bartzelonan independentziaren alde

Udaltzaingoaren arabera, milioi bat eta erdi lagunek hartu dute parte manifestazioan. 'Katalunia, Europako hurrengo estatua' lelopean egin dute martxa historikoa, ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatuta. Nazioarteak autodeterminazio eskubidea onartua duela esan dute; "gauzatzea baino ez zaigu falta". Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak antolatzaileak hartu ditu martxaren ostean. Twitter sare sozialean #11s2012 etiketa erabiltzen ari dira

Berria -

2012ko irailak 11

Diada "historikoa" izango zela iragarri zuten, eta hala izan da hain segur, Kataluniaren independentziaren alde ikaragarrizko jendetza bildu delako Bartzelonako manifestazioan, ANC Biltzar Nazional Katalanak antolatuta. Leloa argia zen: Katalunia, Europako hurrengo estatua. Kasik, independentzia baizik ez dute aldarrikatu parte hartzaileek; ez da itun fiskalaren aldeko oihurik entzun —hori da gaur egun Generalitatearen xede nagusia—.

Ibilbideak hiru kilometroko luzera zeukan, eta dena jendez beteta egon da. Udaltzaingoaren kalkuluen arabera, milioi bat eta erdi lagunek hartu dute parte. Seietan hasi da martxa, eta 19:40an artean milaka lagun zeuden hasieran.

19:45 aldera hasi dira manifestazio bukaerako hitzaldiekin. Antolatzaileek esan dute "oraindik bidea" dagoela egiteko, baina batasuna eskatu dute. "Guztiok bat eginda, irabaziko dugu!". Helmugaren amaieran "Kataluniarentzat askatasuna" dagoela adierazi dute; "independentzia" dagoela.

Espainiak Katalunia gaizki tratatu duela salatu dute, eta nazioarteak onartutako autodeterminazio eskubidea hor dagoela gogoratu. "Gauzatzea baino ez zaigu falta".

Manifestazioaren ondoren, antolatzaileen ordezkaritza bat hartu du Nuria Gispert Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak. Ordezkaritzak —agiri bat leitu du— burujabetzaren bidean aurrerapausoak emateko eskatu dio parlamentuari. Gispertek ”zorionak" eman dizkie "gaurkoa antolatzeko trebetasuna" izan dutelako. "Katalunia ez dago lo. Oso mezua suberanista zabaldu duzue. Entzun dugu herritarren eskaera", esan du parlamentuko presidenteak.

Artur Mas Generalitateko lehendakariak bihar goizean prentsaurrekoa emango du.

ANCren arabera, Generalitateak erabakiak hartu beharko ditu gaurkoa ikusita.

Erakunde eta alderdietako ordezkari asko

Generalitateko kide esanguratsu batzuek parte hartu dute manifestazioan: Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak, baita Josep Lluis Cleries, Ferran Mascarell, Irene Rigau, Josep Maria Pelegrí eta Francesc Xavier Mena kontseilariek ere. Bertan izan dira hainbat alderdiko ordezkariak ere: Esquerra Republicana de Catalunya, Iniciativa per Catalunya-Verds, Convergencia Democratica de Catalunya eta Unió Democratica —Josep Antoni Duran Lleida CiU barruko UDC alderdiko burua han zen— eta Solidaritat Catalana. Xavier Trias (CiU) Bartzelonako alkatea ere bertan zen.

PSCk bizkarra eman arren, alderdiko kide batzuek parte hartu dute: Angel Ros Lleidako alkateak, eta Ernest Maragall, Montserrat Tura eta Antoni Castells Generalitateko kontseilari ohiek, adibidez. Katalunia estatua da eta Europa gara zioen haien pankartak.

Artur Mas Genelaritateko presidenteak jakinarazi zuen ez duela manifestazioan parte hartuko, baina "herritarren aldarria bihotzean" izango zuela. Haren emazte Helena Rakosnik manifestazioan zegoen. Jordi Pujol Generalitateko presidente ohia eta Muriel Casals Omniumeko presidentea ere bai. PPk ez du ordezkaritzarik bidali, burujabetzaren aldeko Diada Espainiako Konstituzioaren aurkakoa dela uste duelako

Goizean, Rafael Casanovaren monumentuaren aurrean

Urtero legez, Diadaren lehen ekitaldia Rafael Casanovaren monumentuaren aurrean egin dute goizean goiz, Bartzelonan. Bertan, alderdiek, erakundeek eta eragile sozialek lore sortak utzi dituzte.

Ekitaldi instituzional nagusia 11:30ean egin dute, legebiltzarraren lorategietan. Musika emanaldiak eskaini dituzte, eta hainbat idazle katalanen testuak irakurri. Besteak beste, Artur Mas eta Nuria de Gispert Generalitateko eta Kataluniako Parlamentuko presidenteak izan dira bertan; baita erakunde publikoetako ordezkariak, alderdi politikoak eta herritarrak ere. Urtero, pertsona ezagun batek aurkezten du ekitaldia. Aurten, Monica Terribas izan da, TV3ko zuzendari ohia eta Ara egunkariko kontseilari ordezkaria. Bertan, independentziaren aldeko oihuak entzun dira. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna