mendia

Otxoa de Olzaren erreskatea, zinema aretoetara

Mendizalea Annapurnako tontorretik gertu hil zen, 2008an, ondoeza izan ondoren. Igandean estreinatuko dute 'Pura vida', Donostiako Zinemaldian. Artxiboko irudiak eta testigantzak erabili dituzte pelikula osatzeko; ez dago fikziorik.

Iñaki Otxoa Olza zena.
Iñaki Otxoa Olza zena.

Berria -

2012ko irailak 18

Iñaki Otxoa de Olzaren Annapurnako erreskatea kontatzen duen filma egin dute Arena Comunicacion eta Txalap.art ekoiztetxeek: Pura vida. Igandean izango da estreinaldia, Donostiako Zinemaldian, Zinemira atalean. Irailaren 27an Iruñean emango dute.

Artxiboko irudiak eta testigantzak erabili dituzte pelikula osatzeko. Ez dago fikziorik, eta errekastea ez dute irudikatu. "Ez da mendiari buruzko filma bakarrik. Elkartasunari, laguntasunari eta modu intentso batean bizitzeko aukera bati buruzkoa ere bada", esan du Pablo Iraburu lanaren egileetako batek —Migueltxo Molina da bestea—.

Otxoa de Olza (Iruñea, 1967) 2008ko maiatzaren 23an hil zen, Annapurnan. Tontorrera iristeko ehun metro geratzen zitzaizkionean, ondoeza izan zuen. Errumaniako mendizale baten zaintzapean egon zen laugarren kanpamentuan (7.400 metrora), erreskate taldea noiz iritsiko. Azkenik, bost egun konorterik gabe egon ondoren, hil egin zen. Bere gorpua Annapurnan bertan uztea izan zen haren azkeneko nahia.

Filmak etekinak emango balitu, mendizaleak Himalayako umeen pobreziari aurre egiteko sortutako fundazioarentzat lirateke sosak.

Munduko hamalau zortzimilakoetatik hamabi igo zituen Otxoa de Olzak. Annapurna eta Kangchenjunga baino ez zitzaizkion falta. Eskaladako eta alpinismoko irakaslea eta mendi gidaria zen. 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna