GREBA OROKORRA

Garraioetan %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak

Zifra bera ezarri du Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak bidesarietako langileen kasuan. Erietxeetan jai egunen antzera aritu beharko dira lanean, larrialdietarako izan ezik.

Berria -

2012ko irailak 24

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak gaur goizean jakinarazi ditu asteazkenerako deituta dagoen greba orokorrean bermatu beharreko gutxieneko zerbitzuak. Gainera, Jaurlaritzak zehaztu du gutxieneko zerbitzuak, ahal den neurrian, greba egiteko asmorik ez duten langileek bete beharko direla. Ondoko zerbitzuak ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak:

1. Erietxe eta osasun etxeetan, publiko zein pribatuetan, jai egunetan egon ohi diren langile kopurua. Larrialdietako zerbitzuetan eta etengabeko arreta guneetan, berriz, zerbitzu guztiak eman beharko dituzte.

2. Osasun garraioetan, zerbitzu guztiak bermatu beharko dira larrialdietan, hemodialisi tratamendua jasotzeko eta ospitale onkologikoetarako garraioetan, eta odola leku batetik bestera eramateko.

3. Udal hilerrietan, lur emateko  eta errausteko beharrezkoak diren pertsonak, soilik egunean bertan hobiratzea eta erraustea beste aukerarik ez dagoen kasuetan.

4. Larrialdietako zerbitzuek (SOS Deiak, suhiltzaileak eta abar) jai egunetan bezala aritu beharko dute lanean.

5. Ospitale geriatrikoetan eta mendetasunen bat duten pertsonak artatzeko zentroetan, jai egunetako behargin kopuru berdina egon beharko da gutxienez. Eguneko zentroetan, berriz, lan egunetako beharginen erdiek jardungo dute lanean. Bazkalorduan, %10 haziko da gutxieneko zerbitzua.

6. Adingabeen zentroetan, jai egunetan bezala arituko dira lanean.

7. Hezkuntzan, publikoan nahiz pribatuan, ikastetxe bakoitzean zuzendaritzako pertson bat egon beharko da sarrera bermatzeko, eta irakasle bana, goizean eta arratsaldean. Haurreskola guztietan, pertsona bana arituko dira beharrean gutxienez. Unibertsitatean, berriz, atezain bana izango da lanean goizez eta arratsaldez, eraikin bakoitzean.

8. Bizkartzainen erdiek egin beharko dute lan, gutxienez.

9. Garraioen %30ek funtzionatu beharko dute derrigor, lanera joateko eta itzultzeko ordutegiak aintzat hartuta.

10. Bidesarietan, %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, auto gehien dauden orduetarako —06:30etik 09:30era—. Gainontzeko orduetarako, %15. Gasolindegietan ere %30 arituko dira lanean.

11. Energia hornitzeko enpresetan, jai egunetan bezala jardun beharko dute. Beste hainbeste, telekomunikazioen alorreko  enpresetan.

12. EITB Euskal Irrati Telebistak albistegiak bermatuko ditu.

13. Administrazio publikoetan, agirien erregistroan langile bat egon beharko da lan txanda bakoitzeko.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak kritika egin die Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuei: "Aurreko grebako zerbitzu berdinak jarri baldin badituzte, hori prebarikazioa da. Auzitegiek arrazoia eman baitziguten, eta berriz ere neurri berdinak hartzen badituzte, jakitun baitira gaizki egiten ari direla".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna