Greba orokorrarekin egoera alda daitekeela aldarrikatu dute deitzaileek

2012ko irailaren 24a
13:48
Entzun

“Egungo sistemak iritzi publikoan zuzenean eragiten du, eta horren adierazle da gizartearen pentsatzeko modua. Pertsona batzuk ezbaian jartzen baitute greba orokorrak ezer aldatzeko balioko ote duen”, esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak gaur goizean. Greba orokorra babesteko arrazoiak eman dituzte, eta horien artean, Muñozek gogorarazi du Portugaleko Gobernuak duela hilabete batzuk iragarri zituen murrizketak atzera bota dituela momentuz. “Eskubide sozialak lortzeko bideak luzeak izaten dira, eta horretarako borrokatu egin da”, bere esanetan. Beraz, denbora tarte motz batean, lortutako guztia ez galtzeko, mobilizatzeko deia egin du ELAko ordezkariak.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak bere aldetik, agenda politiko propio baten beharra aldarrikatu du, “diktadura ekonomikoari aurre egiteko”. Aberastasuna egon badagoela esan du, baina ez dela behar bezala banatzen, eta horretarako adibideak jarri ditu: Espainia eta Italia erreskatatzeko Europako Banku Zentralak sortuko duen 2 bilioi euroko erreskate funtsa. Gogora ekarri du, gainera, Espainiako bankuak erreskatatzeko erabilitako 100.000 milioi euroak murrizketen bidez ordaindu direla. Beraz, “beste erreskate bat ankerra izango zen”. Agenda propioa garatzeko hiru bide proposatu ditu Etxaidek: Hego Euskal Herriko erakundeek murrizketak ez ezartzea, politika soziala aldatzea “aberastasun banaketa justuago baten alde”, eta erakundeek ezar ditzatela alternatibak, “ez dagoelako beste bitartekorik gure bitartekoa kudeatzeko”.

Greba orokorra ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek, eta hainbat eragile sozialek deitu dute asteazken honetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.