euskal herrira

Zaragozako Unibertsitatean istiluak eragin dituzte eskuindarrek, EH Bilduren hitzaldi batengatik

Oskar Matute Alternatibako kideak eta Juan Kruz Aldasoro ezker abertzalekoak ezin izan zuten atzo hitzaldia eman. Errektoreak ekitaldia bertan behera utzi zuen atzenerako, eta Poliziak hustu zuen lekua. BIdeoa: entzule batzuei obretako materialarekin eraso zienekoa (Arainfo).

Berria -

2012ko irailak 28

Oskar Matute Alternatibako kidea eta Juan Kruz Aldasoro ezker abertzaleko kidea Zaragozako Unibertsitatean hitzaldia ematekoak ziren atzo iluntzean, baina ezin izan zuten. Eskuindar talde bat joan zen, istiluak sortu ziren entzuleen eta haien artean, Unibertsitateko errektoreak ekitaldia bertan behera utzi zuen, eta Poliziak aretoa hustu zuen azkenean. EH Bilduk jakinarazi du Matute eta Aldasoro onik direla, eta eskerrak eman dizkie hitzaldia antolatu zutenei eta bertaratu zirenei.

AVT biktimen elkarteak unibertsitateko errektoreari eskatu zion, herenegun, hitzaldia bertan behera uzteko. Errektoreak uko egin zion, ordea. Ekonomia Fakultatean egitekoa zen hitzaldia, negoziazioaren eta elkarrizketaren aldeko Zaragozako talde batek antolatutakoa. Euskal Herriko "garai berriaz" hitz egin behar zuten Matutek eta Aldasorok.

Aretora joan ziren, entzuleak ere bai, baina eskuindar talde bat bildu zen kanpoaldean. Entzuleen eta kanpoan zirenen artean istiluak sortu ziren. Aldasoro eta Matute aldameneko gela batera atera zituzten. Azkenerako, errektoreak ekitaldia bertan behera utzi zuen, eta Poliziak lekua hustu zuen. Hitzaldia hasi aurretik, eskuindarrek errektoreari eta haren taldeari irain egin ziotela azaldu zuen errektoreak berak, Manuel Lopezek.

Hitzaldia entzutera joandako pertsona talde batek unibertsitatea utzi zuen, baina eskuindar talde batek jarraitu egin zien, eta obretarako materialekin eraso egin zieten. Atzetik, Espainiako Poliziak identifikatu egin zituen; hogei bat lagun zirela azaldu zuten poliziek. Hitzaldia debekatzeko ohiuka elkartu ziren eskuindarrak ere identifikatu zituztela eta 60 bat izan zirela adierazi zuen Poliziak.

Adierazpen askatasunaren eta bizikidetza bakean edukitzearen alde hitz egin du Oskar Matutek, prentsarentzat, hitzaldia eten eta gero. Juan Kruz Aldasorok, berriz, iraganean egindako akatsei buruz gogoeta egin behar dela esan du, etorkizunean pentsatzen hasteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna