Arkeologia

Aurizberriko Iturissa aztarnategiaren "potentzialitatea" nabarmendu du Aranzadik

Euskal Herriko historiarako aurkikuntzak duen garrantzia nabarmendu du Aranzadik. 'Iturissa' izenaren atzean 'iturrizar' esanahia egon daitekeela uste dute filologoek. Hizkuntzari eta latinari buruzko idatzizko gauzak aurkitzeko aukera dagoela uste dute.

Joxerra Senar -

2012ko urriak 5

Aranzadi Zientzia Elkarteak gaur goizean aurkeztu du publikoki Aurizberrin (Nafarroa) aurkitu duten baskoien hiria: Iturissa. Estrabonen garaikoa da eta 400 urte inguruko iraupena izan zuela uste dute Aranzadiko arkeologoek: "Hesi batek inguratzen zuen eta hainbat zaintza dorre zituen. Era berean hesiaren inguruan lubaki bat zegoen eta aldeetako batean, berriz, erreka. Lekua laua da eta erraza defenditzeko”, azaldu du Joxe Etxegoien Aranzadiko kideak. “Erromatarren garaian oso inportantea zen defentsa”.

Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiaren arabera, aurkikuntza honek "potentzialitate" handia dauka. Arantzadik hiru aste ingurutan, hiru kata edo zundaketa egin ditu. Dena den, hemendik aurrera indusketa handiago bat egin beharko litzatekeela nabarmendu dute eta bertan aztarna gehiago topatuko dituelakoan dago. "Hemen ez ezer ukitu. Aukera handiak ditugu hizkuntzari eta latinari buruzko idatzizko gauzak lortu ahal izateko. Orain garrantzitsuena da indusketa egiteko ikerlari sare bat sortzea".

'Iturissatik', Donibane Garazira eta Irunberrira

Atzo aurreratu zutenez, Pirinioetako galtzadak ikertuz iritsi dira Iturissa dagoen lekura. "Estrabon eta garaiko beste errometarrengandik bagenekien bazegoela galtzada bat Astorgatik Bordelera zihoana, eta bazela inguruotan herri bat edo mansio bat Iturissa deitzen zena. Filologen arabera, Iturissa toponimiak euskal jatorria du eta 'iturrizar' esan nahi dezake. Inguruan hainbat iturburu badira eta inguruan egun ere erabilia den iturrizar izeneko toki bat dago. Duela 20 urte jada hemen aurkitu zen zerbait eta iaz miliarioak topatu ziren hemendik kilometro pare batera". Hiru zundaketa egin dituzte eraikinak topatzeko.

Arantzadiren arabera, Euskal Herriko historiarentzat “aurkikuntza oso garrantzitsua da”. Iturissara iritsi baino lehenago Astorgatik [Espania] eta Irunberritik [Nafarroa] zetozen bi galtzadak topo egiten zuten, eta Iturissatik Donazarrera (garaiko Donibane Garazi) beste bide bat ateratzen zen. Arantzadiren ustez, erromatarrek ostatu moduan erabili zuten tokia, soldaduak ere izaten ziren, eta denborarekin zabaltzen joan zen herria. Zundaketetako batean erromatarren aurreko aztarna bat topatu dute eta pentsatzen dute jatorrian hiri baskoi bat zela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna