euskal presoak

Arkaitz Rodriguez presoaren arrebak salatu du Poliziak eraso egin diola kartzelara egindako bidaia batean

Logroñotik bueltan zetorrela, polizien auto batek "behartuta", Enara Rodriguezek autoaren kontrola galdu zuen, eta hiruzpalau buelta eman zituen; ez zen irauli. Parte eman du Donostiako Auzitegian. Enara Rodriguezen testigantza.

Irati Sarasua -

2012ko urriak 9

Arkaitz Rodriguez euskal presoaren arreba Enarak salatu du hari Logroñoko kartzelan (Espainia) bisita egin ostean autoan bueltan zetorrela ezbehar bat izan zuela, alboan zeukan auto batek "behartuta". Poliziak ziren beste ibilgailukoak, Etxerat elkarteak gaur prentsaurreko batean esan duenez —biktima ere izan da agerraldian, baina ez da mintzatu—. Etxerat-ek azaldu du emakumeak pentsatu zuela haien helburua bera hiltzea zela. Rodriguezek parte eman du Donostiako Auzitegian.

Etxerat-en arabera, Enara Rodriguezek kontatu die bueltako bidaian "jarrera arraroa” sumatu ziela auto hartakoei, errepidean bere alboan zihoazela eta. Bi gizonezko zihoazen autoan. Halako batean, haien autoaren maniobra batek "behartuta", Rodriguezek, autoaren kontrola galdu, eta hiruzpalau buelta eman zituen; ez zen irauli.

Ondoren, betiere Etxerat-ek gaur azaldu duenez, bi gizonak autora hurbildu zitzaizkion, eta batek Rodriguez iraindu zuen. Poliziaren plaka erakutsi zioten, eta, bost minutuz auto barruan egon ostean, kanpora ateratzera behartu zuten, atea ireki eta iletik tira eginez; mehatxu artean lurrera bota zuten. “Isiltzen ez bazara eta gu iraintzeari uzten ez badiozu, gaur ospatzeko zerbait izango dugu”, esan zioten Enara Rodriguezi; “Urdanga ausarta zara; zu bortxatu ostean jarrera bera duzun ikusiko dugu”. Bost minutu eman zizkioten alde egiteko, eta gidatzen oso azkar joan zela jabetu zen Rodriguez. “Nahi zutena lortuko zutela pentsatu zuten haiek: Enarak istripua izatea bere kabuz”, salatu du Etxerat-ek.

Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak "salbuespeneko" espetxe politika deitoratu du. “Sakabanaketa senide eta lagunok sufritzen dugun zigorra da". Haren arabera, hamasei lagun hil izan dira sakabanaketaren ondorioz errepideetan, eta aurten hamabi istripu izan dira. “Mikel Egibarren senideek abuztuan jasan zutena izan zen larriena, eta oraindik ondorio latzak jasaten ari dira”.

Arkaitz Rodriguez 2009ko urriaren 13an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Bateragune auzian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna