Erreakzioak.

 

Berria -

2012ko urriak 16

TAT Torturaren Aurkako Taldea

TAT Torturaren Aurkako Taldeak gogoratu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hirugarren aldiz zigortu duela Espainia euskal herritarren tortura salaketa ez ikertzeagatik, "baina gaurko epaia urrats bat harago doa, tortura saihesteko behar besteko neurriak ez dituela jartzen dioelako". TATek dio Espainiak ez dituela betetzen Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak ematen dituen gomendioak; inkomunikazioa kentzea, esate batera.

Espainiako eta Euskal Herriko epaitegietan tortura salaketak artxibatu egiten dituztela esan du TATek. "Ez dago inolako borondaterik inkomunikazio egun horietan gertatzen dena jakiteko, eta salaketak sistematikoki artxibatu egiten dituzte. Halaber, auzi medikuen jarrera ere salatu beharrean gaude, haiek baitira inkomunikazio garaian dauden lekuko zuzen bakarrak".

Gaurko epaia ona den arren, Espainiako Estatuan tortura desagertzeko "bide luzea" dago oraindik, taldearen arabera.

Lorea Bilbao TATeko eledunak auzitegi medikuaren figura nabarmendu du Bilbaok, Estrasburgok kritikatu baitu Espainia soilik haren deklarazioan oinarritzea Otamendiren salaketa artxibatzeko: "Oso garrantzitsua da forentsea, zuzeneko lekuko bakarra delako". Bilbaoren ustez, beste kasuek baino "oihartzun handiagoa" izango du gaurko ebazpenak.

Eusko Jaurlaritza

Estrasburgoko auzitegiak "bere lana" egin duela adierazi du Eusko Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiak. Espainia lehenago ere zigortu dutela oroitarazi du Mendiak, eta, positibotzat jo du "auzitegiek eskubide guztiak bermatzea". Torturak ikertu behar direla gaineratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak poza azaldu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak "kargu hartu" diolako Espainiari. Estatuak tortura salaketak ez ikertzea "oso ohikoa" dela adierazi du, eta erantsi du "estatu batek, bere pultsu demokratikoari eutsi eta iritzi publikoaren aurrean sinesgarritasuna mantentzeko, tortura salaketa guztiak" ikertu beharko lituzkeela.

Ezker abertzalea

Ezker abertzaleak ohartarazi du torturak ez direla momentu zehatz bati lotutako gertakariak, baizik eta "helburu politikoekin, sistematikoki" egindako praktika bat izan dela. Pernando Barrena ezker abertzaleko eledunak besarkada bat helarazi nahi izan dio Otamendiri, "infernu bat" izan baitzen harentzat Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ondotik bizitakoa. Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak "mina baretzen" laguntzea espero du Barrenak.

EAJ

Josu Erkoreka EAJko Espainiako Kongresuko eledunak adierazi duenez, ebazpenak agerian uzten du Espainiako gobernuek ETAri aurre egiteko politikek "oinarrizko giza eskubideak" urratu dituztela. Erkorekak nabarmendu du ez dela Espainia torturen gaiarengatik zigortu duten lehen aldia.

Aralar

Aralarrek ere elkartasuna adierazi dio Otamendiri, eta poza azaldu du epaiarengatik. "Urrats bat gehiago da, 'Parot doktrinaren' gainekoaren ondoren, gatazkaren ondorioen normalizazioan". Aralarrek Estrasburgoren ebazpenak betetzeko eta aintzat hartzeko eskatu dio  Espainiari.

EA

EA pozik azaldu da Europaren epaiarekin, eta adierazi du tortura Espainiako Estatuan "arazo estrukturala" dela.

Juanjo Martinez Leunda

"Salaketa posible zen modu bakarrean amaitu da, beste kasu batzuekin gertatu behar zen bezala". Hori adierazi du Juanjo Martinez Leunda abokatu eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohiak: "Orain egin beharreko galdera da: zergatik jarraitzen da torturatzen? zergatik baimentzen dira tratu bidegabeak, krudelak eta duintasunaren aurkakoak?".

Martinez Leundak espero du torturaren gaian "iratzartze bat" gertatzeko balioko duela epaiak: "Oroimen eta bizikidetza klabeetan aurrera egin nahi dugun garaiotan, epai hau mugarri izan beharko litzateke". Mugarria "Poliziak protokoloak betetzeko, Auzitegi Nazionalak beste alde batera ez begiratzeko".

Julen Arzuaga

Julen Arzuaga Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren sortzailearen hitzetan, "lausoago zegoen argazki bat argitzen ari da" Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiarekin. "Kasu isolatu batzuk zirenak resoluzio handiko argazki" bilakatzen ari direla adierazi du Arzuagak, Estrasburgok torturen gaian beste ebazpen batzuetan ere Espainia zigortu duela gogora ekarrita. "Epaiak erakutsi du justizia ez dela egon, beste alde batera begiratu dela, tortura babestu dela", ohartarazi du.

Tortura kasuen aitortzak edo, gaurko ebazpenean ageri denez, salaketak ez aztertzeak errealitate bat azaleratzen laguntzen duela uste du Arzuagak: "Frogatzen da errelato monografiko hori anitza eta konplexua dela, eta horrek aipamen bat merezi du".

Arzuagak Otamendi zoriondu du, "erakutsitako adoreagatik".

Jon Mirena Landa

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako ebazpena ezagutu eta gero, Jon Mirena Landa EHUko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohiak nabarmendu du Espainiak "torturaren debekua urratu" egin duela. Izan ere, Landaren esanetan, zera dio epaiak: ezin duela torturak egon zirela ziurtatu, salaketa horiek ez direlako ikertu ere egin.

Gainera, tortura salaketen gainean Estrasburgoko epaitegiak azken urteetan emandako ebazpen kopurua ere nabarmendu du: "Ezohikoa da Estrasburgok hainbeste epai gai berdinari buruz ematea. Etengabe ari dira halako epaiak ematen".

Horrelako epaiak estatuentzat "oso minberak" direla adierazi du Landak. Haren hitzetan, Estrasburgok emandako ebazpenetan badago mailaketa bat: "Ohikoena da arrazoia ematea, eta ez du zertan harago joan". Baina epaiak ebatzi du Espainiak 20.000 euro eman beharko dizkiola Otamendiri kalte ordain gisara. "Zigorraren beste maila bat da".

Gainera, Landak nabarmendu duenez, epaiak Espainiari eskatu dio bete ditzala Torturaren Kontrako Konbentzioak emandako aholkuak: "Konbentzioak, Espainiara eginiko bisitetan, behin eta berriro esan du auzitegi medikuen protokoloa ez dela egokia, eta gainera dela jarraitzen".

PSOE

Estrasburgoren erabakiari errespetua agertu dio PSOEko Espainiako Kongresuko bozeramaile Soraya Rodriguezek, baina erantsi du ebazpenak ez duela auzitan jartzen zuzenbide estatua.

UPD

Otamendiren tortura salaketak "eta beste hainbatenak" ez ikertzea tamalgarritzat jo du Carlos Martinez Gorriaran UPDko Espainiako Kongresuko diputatuak, eta torturak dauden kasuetan, UPD torturatzaileak "gogor" zigortzearen alde dagoela azaldu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna