euskal herria

'Twist' bere gordinean

Harkaitz Canok fikzioa baliatu du azken nobelan Soto eta Zeberioren kasuak eragin zuten sufrimendua arintzeko. Lasa eta Zabalaren gertukoek ezin izan zioten ihes egin; Pili Zabala da lekuko. Fikzioa eta errealitatea erkatu ditu BERRIAren Igandea gehigarriak gaur.

Pili Zabala (Joxi Zabalaren arreba) eta Harkaitz Cano Donostian, Aieteko Cumbre jauregian. /
Pili Zabala (Joxi Zabalaren arreba) eta Harkaitz Cano Donostian, Aieteko Cumbre jauregian. / Juan Carlos Ruiz/Argazki Press

Gurutze Izagirre -

2012ko urriak 28

Soto eta Zeberio bahitu egin zituzten, torturatu, desagerrarazi eta hil. Urteetan ez zituzten haien gorpuzkiak aurkitu. Haien lagun min baten bizitza, Diego Lazkanorena, markatuta geratuko da betiko. Twist nobelaren hari nagusia da. Izan zitezkeen Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Twist da; fikzioa, errealitateak gainditzen duena. Harkaitz Canok errealitatetik eraiki du fikzioa, baina errealitatea askoz ere gordinagoa da "Lazkanorena baino askoz ere gogorragoa izan da. Nire etxean ez zen hitz egiten gertatuaz. Edozer gauza egiten nuen ihes egiteko". Pili Zabalaren hitzak dira, Joxi Zabalaren arrebarenak. 29 urte bete berri dira haiek desagerrarazi zituztela.

Kontatu beharreko zerbait zela sinetsita zegoen Cano. Eta Zabalak eskertu egin dio: "Nik nahi nuen istorio hori kontatzea. Hau argitaratuta ikustean liberazio handia eduki dut".

Lasa eta Zabala, beste kide batzuekin batera, banku bat lapurtzen saiatu ziren 1981eko azaroan. Poliziatik ihes egitea lortu zuten, eta Iparraldera joan ziren gero. "Bost hilabete egon ginen beraien berririk gabe. Gero, errefuxiatuen paperak lortu zituztenean hasi ginen bisitak egiten. Hasieran Hendaiara, eta gero Baionara. Eta gogoratzen dut nola izaten ziren agurrak. Ama beti negarrez. Eta galdetzen zion, ‘Joxi, noiz etorriko zara Tolosara?’ Eta erantzuten zion: ‘Nik Euskal Herria aske ikusi nahi dut, eta oraingoz ezin naiz joan; baina lasai ama, joango naiz’ ", gogoratu du Zabalak. 

1982tik aurrera, errefuxiatuei bisita egitera joaten ziren senideek igarri zuten Poliziaren presentzia areagotu egin zela, baita errefuxiatuek beraiek ere. "Guk han ondo ikusten genituen, giro onean, harmonian; beraien musika Itoiz zen. Baina, bestalde, Poliziaren presentzia gero eta nabarmenagoa zen".

Nobelari heltzerako, Canok urtebete pasatu zuen garai hartan kokatzen, saturatzeraino. Fikzioan babestu zen gero, garai hartako gertaeretatik ihesi. "Urte horiek liburuan agertzen direnak baino are gogorragoak izan ziren. Eta, halere, liburu honetako zenbait pasarte hainbat jenderi egin zaizkio insoportableak. Batzuetan, gauzak leundu egin behar izan ditut fikzioaren bidez sinesgarriago egiteko. Errealitatearen eta fikzioaren arteko desberdintasun nagusia da fikzioak koherentea izan behar duela, errealitateak ez".

Fikzioa ihesbide

Canok ez zuen Lasa eta Zabalaren gertukoenekin egon nahi izan eleberria idazteko, eta aukera izan zuenean fikziora jo zuen. "Soto eta Zeberio. Silabak eta dena bat datoz, zerbaitegatik da, halere fikzioko pertsonaiak sortu nituen, baina jakitea nahi nuen zein zegoen hor atzean, jakina".

Gaztetasunak berezko dituen ezaugarriak ere txertatu zizkien Sotori eta Zeberiori; haien berri handirik izan gabe, musika zale egin zituen, kirol zale, festazale, bizi zale. Eta Zabalak gertu ikusi du anaia profil horretan.

Cano: "Gertaerak oso gogorrak izanik ere, ia zordun sentitzen nintzen beraien poza adierazteko. Itoiz aipatu duzu, eta grazia egin dit". Zabalak hau gehitu du: "Ez daukazu karga emozionala". Cano: "Ez, baina baneukan enpatia edo erantzukizun berezi bat. Fikzioko pertsonaia horiek ez ziren edozein. Niretzat, hori klabea izan zen: fikzioaren bentajak erabiltzea, baina baita errealitatearen enpatizazio, identifikazio edo erantzukizun hori eramatea ere. Horrek eraman ninduen pasarte alai horietara. Ze adin zuten? Bizitzako erpina, bizipoza, txantxa,  sumendia... hori da 20 urte izatea. Uste dut justiziazko kontua zela hori nobelan agertzea. Herri honetan dena edo gehiena irakurri da klabe politikoan, eta uste dut hori ez dela beti ona".

Horren haritik, gogoeta hau  etorri zaio Zabalari: "Kuriosoa da pertsonak zein babes mekanismo garatu behar dituen halako egoera bat jasangarri egiteko. Umorea oso inportantea da, ez ahaztea bizipoza". Ez da bere anaiaz bakarrik ari, 1983ko urriaren 16tik, desagertu zirenetik, senideentzat hasi zen gurutze bideaz ere ari da. "Badakit nire bizitza markatuta dagoela. Baina ezin duzu samin horrekin bizi. Desagertu osteko urteetan nire lana izaten zen Egin-en aleak goitik behera begiratzea, Joxiri eta Joxeani buruzko ezer bazegoen ikusteko".

Diego Lazkanoren sufrimenduari beste ihesbide bat eman dio Canok: idazlea da. "Horrek zer esan nahi du? Edozer gertatzen zaizularik ere, horri buruz idatz dezakezu. Diegoren obsesio horri buelta emateko modua liburua bera da; beharbada, liburua Diego Lazkanok berak idatzi du".

Tortura

Twist-en jasotzen denez, Diego Lazkano torturatu egin zuten El Cerro jauregian. Zabalari ez zaio ezezagun egiten, eta segituan lotzen du La Cumbre jauregiarekin. "Ikusgarria izan zen epaiketan Bayok —nobelan Vargas da— jauregia barrutik ze zehaztasunarekin definitu zuen, eta eraikuntzetan aditua zela esanez justifikatu zuten gainera"; bat datoz fikzioa eta errealitatea kasu horretan. Han torturatu zituztela  frogatutzat jo zen epaiketan.

Canok alde gizatiarra ateratzen die torturatu, desagerrarazi eta hil zituztenetako batzuei: "Errazagoa da estereotipokoa egitea pertsonaia, eta horregatik da tragikoa. Pertsonaia bat estigmatizatzen denean, hau egin du, eta horregatik hau da, egin duena da betirako... Hitz egin dezagun honetaz. Eta hitz egin beharko da asko herri honetan. Hasi besterik ez gara egin. Zenbat gauza daude kartzelan dagoen pertsona bakoitzaren atzean? Eta jende askorentzat hori ekintza bat da. Hau egin zuen, hura hil zuen, han lehergailu bat jarri zuen. Bai, eta horretaz gain? Zein garrantzi du horren bizitzan? Zenbateraino da hori bakarrik? Hori dena azaldu eta sozializatu egin beharko da".

Zabalak dio sumarioa askoz ere gogorragoa dela liburuko kontakizuna baino, eta, Cano, ezagutu dituen sumario zatiak eta sententziak ezagututa, bat dator. Zabala: "Sumarioak jartzen du Joxik eta Joxeanek egin zutela beraien hobia, behartu egin zituztela egitera. Joxik eskatu zuen apaiz bat,  eta esan zioten: ‘Un hijodeputa como tú no merece la presencia de un sacerdote’". Eta gehiago dio: "Zuk —Canori— Cartagena jartzen duzu nobelan, baina Alacanteko Ser irrati katea izan zen. Dei bat egin zuten. Dei hori egon zen. 1984ko urtarrilean irratitik esan zuten akabatu egin zituztela, eta nire amak entzun egin zuen. Ahoa bete hortz geratu zen".

Cano: "Eta lotura hori zergatik ez zen egin lehenago?".

Zabala: "Interesatzen ez zelako. Pako Etxeberriak —auzi medikuak— ere esan zidan: baina zuk uste duzu 1984. urtean Poliziak ezin zituela identifikatu Joxi eta Joxean Alacanteko gorpuzkiekin? Kasu hau kaleratu bazen, izan zen PPri interesatzen zitzaiolako. Noiz igo zen hauteskundeetan? PSOEren dekadentzia noiz hasi zen?".

Gorpuzkiak agertu zirenean "liberazio" bat izan zen Zabalarentzat. "Susmoak bazeuden gorpuak haiek zirela, eta agertu zirenean liberazio bat izan zen. Gero epaiketa, sumarioa... entzun egin behar da beraien ahotik esandako guztia. Gorrotoa, gorabeherak dituzu. Gaur egun ez dut gorrotorik. Epaitu behar dira gertaerak, ez pertsonak".

"Esaneko gizonak. Diktadura baten erraietan bazkatuak", dio nobelak. Zabala: "Segurtasun Indarrentzat eta halako erakundeentzat erraz manipulatu daitezkeen pertsonak dira interesgarrienak. Epaitu zituztenetako batzuk beste biktima batzuk izan dira: Dorado, Bayo, Galindo. Zeintzuk izan dira benetan estrategia hauek pentsatu dituztenak? Nire benetako mamuak beste batzuk dira: Ramon Jauregi, Mugica Herzog Justizia ministro ohia...".

Cano: "Jerarkia eta diziplina  zerbaiterako da horrela. Joera dago pentsatzeko gertaera baten erantzukizuna pertsona baten baitan dagoela, baina hor sistema sibilino asko daude erantzukizun hori eta botere hori diluituz joateko batetik bestera, eta azkenean ez dakizu nor jo behar duzun erruduntzat".

Minaren bidea

Betirako markatu zuen gertaera hura oso gogorra izan dela errepikatzen du, behin eta berriz, Zabalak. Gero beti du baina bat ordea, alde baikorra bilatzeko: "Prozesu osoa oso gogorra izan den arren, prozedura guztiak onuragarriak izan dira. Nahiz eta epaiketan bertan momentu gogor asko bizi beharra izan, nahiz eta fartsa hutsa izan, baina hor zeuden, aulkian. Eta zigorrak etorri ziren. Nahiz eta kalean dauden, gertatu zena ezin da ukatu. Epaiketarena modu batean errekonozimendu bat izan zen. Beste aldean egon garenak ez gaituzte ikusi, baina  aurpegia daukagu, sufritu dugu, baina beste gauza asko ere egin ditugu". Pribilegiatutzat du bere burua, haien kasuak auzibidea egitea lortu zuelako, eta kostata, baina aitorpen publiko bat ere bai, beste askorenak ez bezala.

Sufrimenduaz hainbat gogoeta ekarri dizkie gertaera honek. Cano: "Zauriarekin elkarbizitzea dago. Hori da nire hipotesia. Gauza batzuk ez dira sendatzen. Denborak sendatzen du dena esaten zuen Itoizen kantuak; baina, ez, denborak ez du dena sendatzen. Eta egin behar dena da horrekin bizitzen ikasi, eta, ahal bada, horretatik ikasketak atera eta egin zaitzala gertaera horrek pertsona indartsuago, eta beste egoera batzuei aurre egiteko gaitasun handiagokoa".

Zabala: "Nire ustez, klabea da estrategiak garatzea. Zenbat eta hobeto garatu zauriaren bi aldeek hobeto kontaktatuko dute. Horrelako samin bat eraman ahal izateko saiatu behar duzu bizitzari zukua ateratzen".

Nobelan zehar, Lazkanok ez du asko asmatzen zukua ateratzen. Cano: "Bai; bestela, ez genuke nobelarik izango. Sendatzen ez diren zauriak zaindu egin behar direla uste dut. Horrek esan nahi du batzuetan amildegira gerturatu egin behar duzula, eta beste batzuetan bizkarra eman. Etengabe urruntzea, etengabe gerturatzea bezain galgarria izango da seguruenik".

"Pentsatu eta esaten ez diren gauzak"

Pentsatu eta esaten ez diren gauzez ere aritu dira elkarrizketan. Nobelan gehien agertzen den esaldia da. Eta Zabalak dio urte asko egin dituela horretan, pentsatzen —burutik kendu ezinean anaiari gertatutakoa— eta ez esaten: "Nik urte askotan esan izan dut politikoki zuzena zena. Oso gutxitan hitz egin nuen Joxiri eta Joxeani buruz. Bilbora unibertsitatera joan nintzenean ia Bilbon zientzia fikzioa zen hau dena. Espainian demokrazia dagoela entzutean... Txile, Argentinan Maiatzeko Plazako Amak... eta horrelakoak ikusten nituenean amorrua sentitzen nuen, eta hemen, ez dauzkagu desagertuak?".

Egia jakin egin behar dela esaten dute biek ala biek. Cano: "Zuk antolatzen duzunean diru publikoarekin halako kontu bat, horrek benetako demokrazia batean izan beharko luke askoz ere larriagoa".

Zabala: "Eta batzuek aipatzen duten orria pasatu beharra... Nire ustez, oraindik hemen ez gaude puntu horretan. Hemen, jakin egin behar da dena den bezala. Trantsizioan izan ziren hutsak ez errepikatzeko aukera polita dago; baliabideak badaude gauzak ondo egiteko. Borondatea behar da, nahi izan behar da".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna