kultura

Harkaitz Canori eman diote Literaturako Euskadi saria, 'Twist' nobelagatik

Idazleak abenduan aurkeztu zuen liburua. 80ko hamarkada hasierako garai gordina, gerra zikina eta atentatu ugari daude istorioaren oinarrian. Epaimahaiak dio Canok "fikzioa eta errealitatea intentsitate handiz" landu dituela. Gaztelerazko saria Juan Carlos Marquezek eraman du.

Juan Carlos Marquez, Blanca Urgell eta Harkaitz Cano gaur, Bilbon.
Juan Carlos Marquez, Blanca Urgell eta Harkaitz Cano gaur, Bilbon. / Luis Jauregialtzo/ARP

Berria -

2012ko urriak 31

Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) irabazi du aurtengo Literaturako Euskadi saria, Twist nobelagatik (Susa), Eusko Jaurlaritzak goizean jakinarazi duenez. Gaztelerazko saria Juan Carlos Marquez-ek (Bilbo, 1967) eraman du, Tangram lanagatik. Biak Bilbon izan dira, Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin.

Euskal Herriko 80ko hamarkada hasierako garai gordina, gerra zikina eta atentatu ugari dira Twist nobelako istorioaren oinarrian. Euskadi sarietako epaimahaiak adierazi du Canok "fikzioa eta errealitatea intentsitate handiz" landu dituela eta liburuak "sakontasuna" duela. Laneko lehen kapitulua nabarmendu du epaimahaiak, "euskal literaturaren antologian sartzeko modukoa" delakoan.

Ia zazpi urtez fikziozko lanik argitaratu gabe egon ondoren —Neguko zirkua narrazio liburua, 2005—, Canok iazko amaieran plazaratu zuen Twist, bere laugarren nobela, orain arteko luzeena. "Inoizko orrialde gordinenak eta zoriontsuenak" idatzi zituen, joan den abenduaren 1ean aurkezpenean azaldu zuenez.

Xabier Soto eta Kepa Zeberio bahitu, torturatu eta hildakoen lagun Diego Lazkano da protagonista liburuan. "Nik uste dut literaturak ahalmentzen duela errealitatea kontatzea kronikak eta historiak baino modu adierazkorrago, zehatzago eta zorrotzago batean. Zalantzak izan nituen nola aurre egin hainbat konturi, eta, azkenean, nire mekanismoa izan da jakitea pertsonaiak fikziokoak direla. Denak. Behin hautu hori eginda, 80ko hamarkadan gertatu ziren hainbat kontu pertsonaia horiei gerta dakizkiela sinetsaraztea zen kontua. Hori jakinda, saiatu naiz modu inolaz ere ez neutralean, ezinezkoa baita, baizik afektibo batean, edo sentimenduen arlotik kontatzen gauzak", zioen idazleak BERRIAn, aurtengo otsaileko elkarrizketa batean.

1994an plazaratu zituen Canok bere lehen liburuak: Kea behelainopean bezala (poesia) eta Paulov-en txakurrak (poesia-narrazioa). Nobelen artean Beluna jazz (1996), Pasaia blues (1999) eta Belarraren ahoa (2004) ere baditu.

2011n, Joseba Sarrionandia irabazle

Joan den urtean Joseba Sarrionandiari eman zioten Literaturako Euskadi saria, Moroak gara behelaino artean? liburuarengatik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Sarrionandiak Justiziarekin auzirik zabalik ez duela esan ondoren erabaki zuen Jaurlaritzak irabazleari dirua ematea. Marije Sarrionandiak jaso zuen saria, Joseba anaiaren izenean.

Sari banaketa, azaroaren 18an Bilbon

Euskadi Literatura sarien banaketa ekitaldia azaroaren 13an egingo dute, Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 eurokoa ere izango du gero, bere lana beste hizkuntza batera edo batzuetara itzultzen bada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna