Erreakzioak. Izagirre: "Kutxabanki guk egindako proposamena hartu eta lanean hasteko eskatzen diogu"

2012ko azaroaren 9a
17:18
Entzun

EH Bildu

EH Bilduko Lehendakarigai Laura Mintegik azaldu du koalizioak legebiltzarrean izango duen lehenengo helburua etxe kaleratzeekin amaitzea izango dela. "Gaur gertatutakoa, pertsonen gainetik bankuen interesak jartzen dituen politika ekonomikoaren ondorio larria da", adierazi du Mintegik. "Giza ikuspuntutik egoera dramatiko bat izateaz gain, ikuspuntu juridikotik ere bada".

Euskal Herrian norbaitek etxe kaleratzeen ondorioz bere buruaz beste egiten duen lehenengo eta azken aldia izan dadin neurriak hartzea beharrezkoa dela pentsatzen du koalizioko lehendakarigaiak. EH Bilduk Legebiltzarrean egingo duen lehenengo proposamena bankuak hustu nahi duen etxea beregain hartuko duen erakunde publiko bat eratzea izango da. Eta hori egingo balitz, alokairua familiaren irabazien %15 baino gehiago ez izatea proposatzen du koalizioak.

CCOO

CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok eskatu du "oraintxe" amaitzeko etxe kaleratze guztiekin eta gaur Barkaldon izandako ezbehar "dramatikoa" bezalakoak saihestuko dituen lege bat ezartzeko.

PSE-EE

PSE-EEko Gipuzkoako buru Rafaela Romero bere Twitterreko kontuan ondorengoa idatzi du: "Politikatik Barakaldoko desjabetzearen ondorioz gertatutako heriotzaren konplizeak gara; niri dagokidanean, sentitzen dut".

Donostiako alkate ohi Odon Elorzak "izua" azaldu du gertatutakoaren inguruan. "Barkamena eskatu behar dugu", esan du. "Sozialistok gaur, argi esan behar dugu, ez dugula desjabetze bat gehiago ere onartzen. Gizarteak hori exijitzen du eta baita gure kontzientziak ere".

"Irtenbide bat bilatu behar dugu, ezin da horrela jokatu jendearen bizitzarekin", azaldu du egungo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek. Adierazi du "lagun baten heriotzagatik" lur jota dagoela, eta krisiaren aurpegi "zitalena" bihurtzen ari direla desjabetzak.

PSOE

PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak banku eta kutxen patronalei eskatu die desjabetzeekin amaitzeko.

ELA

ELAk "politikaren konplizitatea" salatu du, hipotekei aurre egin ezin eta euren etxetik kaleratzen dituzten pertsonen arazoen aurrean "nahiago" dutelako "beste alde batera begiratu". Barakaldoko ezbeharrak milaka pertsonak pairatzen duten sufrimendua argitara atera duela adierazi du sindikatuak, "pertsona hauek sufritzen ari dira, etxetik kaleratzen dituzte inongo gupidarik gabe euren hipotekak ordaindu ezin dituztelako, eta bitartean bankuei diru kopuru kontaezinak iristen zaizkie".

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiako bozeramaile Larraitz Ugartek adierazi du du desjabetzeak "guztiz inmoralak" direla eta administrazio publikoei eskatu die "neurriak hartzeko" eta desjabetzeen prozesuarekin "oraintxe amaitzeko". Familiari "elkartasuna" azaldu dio erakundeak, eta adierazi du "bakuak diru publikoarekin erreskatatuak" izaten ari diren bitartean eurek ez dutela "ardura soziala" erakusten. Europako Batasunak "ekintza ilegalak" direla salatu duela ohartarazi du Ugartek.

Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiaren ordezko Ikerne Badiolak azaldu dute "etxe kaleratzeen bidegabekeriak beste biktima bat eragin" duela. Neurri gabeko legea dela uste dute. "Zortzi familia kale gorrian geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan egunero" eta "hipoteka baldintza muturrera eramatea salagarria" dela adierazi du Izagirrek. "Ez da egia ezer ezin dela egin, gainera Europako legeekin kontrajarria da.

Horrez gain, Kutxabanken bazkide eta sortzaile diren heinean, entitateari eskatu diote etxe kaleratze bat gehiago ez egiteko. Eta eurek egindako proposamenari heldu eta lanean hasteko eskatu diote. Proposamenak dio pertsona batek hipoteka ezin duenean ordaindu hipotea salbuespenez bertan behera uztea. Hori gertatzean jabetza bankuaren esku geratzea, eta etxean bizitzeagatik alokairu sozial bat ordaintzea —familiaren eros ahalmenen-araberakoa, hori kontuan izanik gehienez ahalmenen %15 izango da—. Larrialdi egoera hori amaitzean ohiko egoerara itzuliko litzateke familia eta hipoteka ordaintzen jarraituko luke.

LAB

LAB sindikatuak "elkartasuna" adierazi nahi izan dio Egañaren familiari. Eta salatu du heriotz hau ez dela "halabeharrez gertatu", sindikatuaren esanetan "espekulatzaileen interesen menpe jarri dira herritarren eskubideak" eta baita "bizia" ere. "Diru publikoz erreskatatua izan den baka sektorearen desjabetzeen jarduera ankerrak hildako zuzena eragin du", eta horren erantzule zuzenak "banku eta kutxak eta egoera ahalbidetu duen legedia garatu eta babestu duten alderdiak" direla azaldu du. Horrez gain, "Euskal Herriko alderdi politikoei lehenbailehen egoera honekin amaitzeko neurriak har ditzaten" exijitu du.

Stop Kaleratzeak

Bizkaiko Stop Kaleratzeak elkarteko bozeramaile Marta Uriartek adierazi du "terrorismo finatzieroa" izan dela gaurko desjabetza. Horrelako ekintzekin "oraintxe" amaitzeko exijitu du Uriartek, eta alderdi politikoei "arazo honi irtenbidea negoziatzeko" eskatu die.

Sendia Familia elkartea

Sendia Familia elkarteko zuzendariak eskatu du desjabetzeekin amaitzeko eta  azaldu du "diru kopuru txikia" dela "Espainiako bankuetan injektatzen ari diren diru publikoa ikusita".

UPD

UPDko bozeramaile Gorka Maneirok "elkartasuna" azaldu dio Egañaren familiari eta "desjabetzeekin amaitzeko" proposamen bat aurkeztuko duela esan du.

Demokraziarako Epaileak

Demokraziarako Epaileek azaldu dute "politikoen nahia desjabetzea balitz berehala konponduko" luketela. "Erreforma azkar, erradikal eta premiazkoa" behar du epaileen ustetan arazo honek.

Bilboko elizbarrutiko gotzaina

"Irtenbide eraginkorrak behar dira desjabetzaren egoera bidegabekerietarako", adierazi du Bilboko elizbarrutiko gotzain Mario Izetak, eta bere elkartasuna azaldu die senideei.

PP

Antonio Basagoiti PPko EAEko buruzagiak doluminak adierazi dizkie Egañaren lagun eta senideei, eta "etxe kaleratzeak konpontzeko konpromiso irmoa" azaldu du Twitter bidez.

ADICAE

Banku, kutxa eta aseguru etxeen erabiltzaileen elkarteak "moratoria" eskatu du, "lehenengo neurri bezala, desjabetzeekin amaitzeko". Azaldu dute hori eskatu dutela bide azkarren delako, aldaketa legalek denbora gehiago eskatzen dutelako. "Justizia da, ez errukia".

UGT

Kaleratzeak —"murrizketa politika okerren ondorioak"— eteteko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela eskatu die UGTk gobernuei, eta galdetu du zenbat pertsonak egin behar duten bere buruaz beste "zentzugabekeriara eraman gaituen espekulazio eta praktika txar hauek" amaitzeko. PPri egotzi dio errua; "familiak txirotzen ditu eta krisiaren biktima bilakatzen ditu, banketxeak babestuz".

Aralar

Aralarrek "desjabetzeek eragiten duten drama sozialarekin lehenbailehen amaitzea" exijitu du. Dani Maeztu Aralarreko koordinatzaileordeak esan du "onartezina" dela "krisiaren aitzakipean murrizketa sozialen bidearekin jarraitzea" eta beharrezkoa dela "bestelako politikak egitea".

EAJ

EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk azaldu du "konpromisoen aldeko apostua" egingo duela. Desjabetzeen "drama saihesteko neurriak" hartuko dituztela adierazi du, eta horretarako lehenengo "pausoa desjabetza aginduak bertan behera uztearen alde" egingo duela eta baita "legea berritu bitartean egon daitezkeen kasuak gelditzearen alde" ere.

EAJren konpromisoa da "aldi baterako ostatua emango duen sare publiko bat ahalbidetzea, eta desjabetza pairatu osteko ondorioen aurrean babesa ematea", Urkulluren hitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.