JAsser Arafat Hilzorian

Lau laguneko buruzagitza hitzartu dute palestinarrek Arafaten ondorengo trantsizioa egiteko

Jasser Arafat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea hilzorian dela eta, haren ondorengotza antolatzeko bilera egin du palestinarren buruzagitzak Ramalan. Hain zuzen ere, trantsizioa aurrera eramateko lau laguneko buruzagitza bat eratzea erabaki dute: Fahui Fatu egungo Legebiltzarreko presidentea izango da PANeko lehendakari; Ahmed Kureia lehen ministroak kargu berean jarraituko du, eta, halaber, egungo ardura bera izango du Mahmoud Abbas PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak. Saalim Zaanum Palestinarren Batzar Nazionalaren presidentea izango da trantsizioko gobernu horretako laugarren kidea. Arafaten hileta eta ehorzketa dagoeneko hasi dira prestatzen. Israelek Ramalan lurperatzeko baimena eman du, eta hondeatzeko makinak hasi dira jada hobia zulatzen.

Berria -

2004ko azaroak 10
Hiru urtez Mukatatik, PANen Ramalako egoitza nagusitik, atera gabe egon da Arafat, hain justu, Israelgo Gobernuak eragozten ziolako. Zantzu guztien arabera, hiltzen denean ere gune horixe izango du kokaleku, palestinarren buruzagi nagusia han ehorzteko baimena eman baitu Israelgo Gobernuak. Oniritzia eman arren, Sharonen Gobernuak palestinarrei ohartarazi die segurtasuna bermatzeko ardura guztia eurena izango dela. "Israelek jakinarazi digu Gobernuak onartu duela Arafat presidentea Mukatan ehorzteko palestinarrok egindak eskaria", adierazi du Saeb Erekat Israelekin Negoziatzeko PANeko ministroak. Hala ere, ez dago argi hiletak ere Ramalan egingo direnetz eta gune hori izango den Arafaten hilobiaren behin betiko kokalekua. Iturri batzuen arabera, litekeena dela hileta Egipton, Kairon, egitea. Halaber, palestinarren buruzagi erlijioso batek esan du lehen une batean Mukatan ehortziko duten arren, gero, behin betiko hilobia Jerusalemen ezarriko dutela Arafaten azken borondatea betez. Buruzagi erlijioso horren arabera, edonork du azken borondatea betetzeko eskubidea, eta Israelek onartu beharra dauka. Nolanahi ere, Arafatek bizirik jarraitzen du, eta, era berean, PANeko buruzagi nagusiak haren heriotzaren inguruko gorabeherak konpontzeko saioa egiten segitzen dute. PANeko lehen ministro Ahmed Kureia eta PAE Palestinako Askapen Erakundeko buruzagi Mahmoud Abbas Ramalan daude PAEko Batzorde Exekutiboarekin zein Al Fatako Batzorde Zentralarekin batzartuta. Jakinmin handia sortu du bilera horrek, izan ere, Jasser Arafat agintari palestinarraren egoeraren berri ematea espero baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna