Eutsiko al dio?

Estatu berriaren bideragarritasunaren gaineko eztabaida bihurtu da aldeko zein kontrakoen arma nagusia Katalunian. Aurreikuspenak oso kontrajarriak dira.

Jon Fernandez -

2012ko azaroak 19

Estatu propio batera bidean jarri ala ez erabakiko dute gaur zortzi  Katalunian. Erabateko burujabetzaren aldeko olatua eragin duten arrazoien artean (naziotasuna, hizkuntza, kultura...) pisu handia hartu du ekonomiak: gizartean oso hedatuta dago itomen sentsazioa, eta gehiengoak batez ere hamarkadetan pilatutako zerga defizitari eta krisi ekonomikoaren kudeaketan Madrilen mugimenduen menpe egon beharrari leporatzen dio errua. Orain arte ez bezala jarri dute mahaiaren gainean gaia, eta ahoan legarrik barik hasi dute eztabaida. Eskozian gertatu legez, bideragarritasun ekonomikoa bihurtu da independentziaren aldekoen zein kontrakoen arma nagusia. Herritarrei bizi-maila hobea agintzen diete aldekoek, eta pobreziaren infernua kontrakoek. Literatura ekonomikoa gero eta oparoagoa da Bartzelonako zein Madrilgo prentsan. Baina herritarrek erantzunak nahi dituzte: hobeto ala okerrago biziko lirateke Katalunia burujabe batean?

"Arazoa ez da horrenbeste Katalunia independentea bideragarria izango litzatekeen ala ez. Arazoa da gauzek orain arte bezala jarraitzen badute Katalunia ez dela bideragarria izango ekonomia hedakor eta indartsu gisa, gizarte orekatu, bidezko eta kohesionatu gisa, kultura moderno gisa jarraitzeko". Jordi Pujol 23 urtez Generalitateko presidente izandakoak joan den urtarrilaren 11n idatzitakoak dira berbak. Bideragarritasunik ez horren erantzuletzat Espainiako Estatua ezartzen ari zaien "itomen ekonomiko progresiboa" jo zuen.

Kataluniarrek euren azalean bizi dute bideragarritasunik ez hori; azken datuei begiratzea baino ez dago: langabezia tasa %22,56koa da, 7,5 milioi herritarretatik 2,2 milioi pobreak dira —%29,5; EBn %21,6 da batez bestekoa—, azken hiru urteetan 10.000 gazte joan dira atzerrira lan bila eta egunean ehun familia kaleratzen dituzte etxetik. Gainera, Artur Masen bi urteko agintaldian murrizketak izan dira nagusi: osasunean, hezkuntzan, funtzionarioen soldatetan... nonahi.

Bizi-mailan eragina

Independentziarekin posible izango litzateke egungo egoera larriari buelta ematea CatDem fundazioak Generalitatearen eskariz eta Espainiako Gobernuaren babesarekin egindako azterketen arabera. Generalitateak izango lituzkeen gastu berrien —bekak, atzerri politika, armada...— eta diru sarrera berrien —zergak zuzenean jasoko lituzke— balantza eginda, dirua irabaziko luke.

Hiru txosten landu ditu fundazioak Kataluniaren bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko. Nuria Bosch Bartzelonako Unibertsitateko (UB) Ogasun Publikoko katedradunak eta Marta Espasa UBko ekonomia publikoko irakasleak balizko ogasun publiko burujabearen inguruan egin duten txostenaren arabera, estatu berriak 21.071 milioi euro irabaziko lituzke kasurik onenean —2007ko datuak kontuan hartuta— eta 922 milioi euro kasurik txarrenean —krisiaren eraginpeko 2009ko urtea aintzat hartuta—.

Hori gutxi balitz, gizarte segurantza berria ere erabat bideragarria litzatekeela baieztatu dute 2006tik 2009ra arteko datuak aztertu ostean. Txostengileek zerga defizitak urtero Kataluniarentzat suposatzen duen galera hartu dute kontuan (16.000 milioi euro) baina baita Espainiaren zor publikotik legokiokeen zatia ere (%18 inguru). Kalkulu horien arabera, biztanleko BPGa Europako Batasuneko (EB) hamabost herrialde nagusienen batez bestekoa baino bederatzi puntu handiagoa izango litzateke. Alegia, per capita errenta 28.200 eurokoa izango litzateke Katalunian —27.053koa zen 2010ean—; Espainian, Kataluniarik barik, 23.541 eurotan geratuko litzateke —23.063koa zen 2010ean—. Hortaz, ekonomikoki, kataluniarrak Suediako eta Belgikako herritarren antzeko mailan egongo lirateke.

Guztiz kontrakoa iragartzen du, ordea, Convivencia Civica Catalana (CCC) erakundeak argitaratutako Las cuentas claras de Cataluña (Kataluniako kontuak argi) txostenak. Independente bihurtuz gero per capita errentak 5.600 euroko beherakada izango duela aurreratu du, eta BPGa %20 jaitsiko litzatekeela.

Errealitate eta datu berberetatik abiatuta hain aurreikuspen kontrajarrietara iristearen arrazoi nagusia ondokoa da: independentziaren aldekoek ziurtzat jotzen dute estatu berria EBko kide izango litzatekeela, eta kontrakoak konbentzituta daude automatikoki kanpoan geratuko litzatekeela eta, beraz, inguruko herrialdeetara esportatzeko muga zergak ordaindu beharko lituzkeela (produktuaren balioaren %1,6). EBn ez dago estatu baten zatiketatik sortutako kide berrien aurrekaririk, eta ez dago egoera horren gaineko araudirik, ez alde ez kontra.

EBn segituko luketela aurreikusita, CatDemeko txostenen arabera Suedia eta Dinamarkaren artean egongo litzateke Katalunia esportazioetan, BPGaren %52 inguru saltzen duelako atzerrira Kataluniak —Espainiara, tartean—. CCCren ustez, ordea, EBko merkatu bakarretik kanpo geratuko litzateke eta "Kataluniako enpresen eta euren lehenengo merkatuaren arteko merkataritza harresi horrek Espainiako salmentetatik bizi diren enpresa erdiak ixtera behartuko lituzke".

Zerga defizitaren gaiari ere heldu dio CCCren txostenak, eta gezurtatu egin du lapurreta. Areago, Generalitateak 2009ko zerga urtean zenbatutako 16.500 milioi euroko defizita "puztutako datuetan" eta "kontularitza trikimailuetan" oinarritzen dela baieztatu du. Txostenaren arabera, krisiaz geroztik, diru bilketa gutxitu denez, Madrilek jasotakoa baino gehiago bueltatzen dio Generalitateari: 2009an 4.015 milioi euroko zerga superabita izan zuen Kataluniak, CCCren esanetan.

Zorretan itota?

Xavier Sala i Martin Columbia Unibertsitateko ekonomia katedraduna erabat kontra dago, eta halaxe erakutsi du bere blogean eta hainbat elkarrizketatan. Ez dago ados egungo finantzaketa sistemarekin, "herritarrek eta enpresek ordaindutako zergen %60 baino ez dutelako bueltan jasotzen». Gainera, haren iritzian, une honetan garesti ordaintzen den "lasta" da Espainiaren parte izatea. «Katalunia independente bat munduko ekonomiarik garbienetako bat izango litzateke, eta finantza merkatuak euren artean egingo lukete borroka dirua mailegatzeko".

Une honetan, nolanahi ere, komunitate autonomo zorpetuena da Katalunia. 43.954 milioi euroko zorra zeukan 2012ko bigarren lauhilekoan, hau da, BPGaren %22 —iaz baino 9,5 puntu gehiago—. Estatu berria sortu aurretik, Madrilek eta Bartzelonak zorra banatu beharko lukete, eta Espainiaren zor publikotik dagokion %18ko zatia gehitu beharko litzaioke. Hau da, guztira 155.000 milioi euro inguruko zorra izango luke estatu berriak, eta BPGarekiko %78ra ere irits liteke CatDemeko txostengileek onartu dutenez.

Espainiaren batasunaren aldekoek Kataluniako Estatua zorrak itota jaioko litzatekeela iragarri dute, eta ez litzatekeela gai izango zulo horri buelta emateko, bertako bonuak zaborraren mailan jarriak dituztelako rating agentziek. Zorpetzea Espainiarena   baino apur bat handiagoa izango litzateke —%75,9ean dago—, baina euroguneko batez bestekoa baino txikiagoa —%90ean dago—.

Ferran Brunet Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) ekonomia irakasleak aitortu du baldintza horietan ere Katalunia ekonomikoki bideragarria izango litzatekeela, baina herritarrak "okerrago" biziko liratekeela gaineratu du. Haren ustez, zerga burujabetza irabazi arren, finantzatzea garestiago aterako litzaioke. "Kataluniak beste estatuekin lehiatu beharko luke bere zorra saltzeko, eta orain %12tik gora finantzatzen da". Espainiako hamar urterako zorraren errentagarritasun tasa %5,8koa da egun. Bestetik, energiari dagokionez, Espainiak bezala Kataluniak ere atzerriko estatuekiko dependentzia izango luke, %98ko dependentzia UABko datuen arabera.

Batzuek arriskuak ikusten dituzten lekuan aukerak ikusten dituzte, ordea, CatDemeko txostenek: esaterako, ogasun propioa izateak zerga iruzurrari hobeto aurre egiteko balioko lukeela. Masek, gainera, zergak jaitsiko lituzkeela esan du. Baina aurkariek ez diote sinesten, errentaren gaineko tasa handiena EBko gorenera igo duelako bere agintaldian, %56ra.

Enpresarien jarrera

Bideragarritasunari buruzko eztabaidan pisu berezia hartzen ari dira Kataluniako enpresariak. Irailaren 11n Bartzelonan izandako manifestazio historikoaren ostean berba egiten lehena Jose Manuel Lara izan zen, Planeta argitaletxeko presidentea —egoitza Bartzelonan du—: "Katalunia independentea balitz, Planetak Zaragozara, Madrilera edo Cuencara joan beharko luke".

Konpainia handien deslokalizazioaren aukera jarri du mahaiaren gainean Larak, baina enpresa handiek ez dute horrelakorik iragarri, eta hark ere ez du beste mugimendurik egin. Bien bitartean, Cecot patronalean %56 daude estatu propioaren alde, eta %81,5 PIMECen —enpresa txiki eta ertainak biltzen ditu—. Sinetsita daude independentzia bideragarria ez eze onuragarria ere badela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna