Boikotaren mehatxua eta eskarmentua

Kataluniako produktuen kontrako boikot handia iragarri dute zenbait ekonomistak, baina kalteak «txikiak» liratekeela diote hainbat azterketak.

Jon Fernandez.
2012ko azaroaren 18a
10:46
Entzun

Ez iezadazu alde egin, bestela ekonomikoki estutuko zaitut. Espainiaren boikotaren mehatxua gainean dute Kataluniako produktuek. Jakitun dira boikota egon egongo dela, baina ez ditu sorpresaz hartuko. 2005ean hartu zuten eskarmentua, Espainiako eskuin mediatikoak cava katalanaren kontra sustatutako boikotarekin. Independentzia lortzekotan, unionistek Kataluniaren kontrako boikot izugarria espero dute, batez ere lehen urteetan, estatu berria itotzeko adinakoa. Katalunian boikotaren beldur dira, baina erasoari aurre egiteko gai ikusten dute euren burua: Espainiak merkatuarekiko dependentzia asko txikitu da azken urteetan, eta txikituz doa etengabe.
"Kataluniako independentziak Espainiako nazionalismoaren dragoia esnatuko luke, eta gizartearen alde txarrena aterako luke, boikot kanpainak tartean". Hala zioen Jose Carlos Diez Intermoneyko buru eta Europako Banku Zentraleko (EBZ) zigor legeetan adituak irailean bere blogean. "Argi dago independentziaren kostuak gutxiesten ari direla".

Testuinguru beltzenak kontuan hartu dituzten azterketak egin dituzte, ordea, Bartzelonan, eta aurre egiteko gai izango liratekeela ondorioztatu dute. Kataluniako Negozioen Zirkuluaren (CCN) azterketa baten arabera, estatu berria munduko hirugarren ekonomia esportatzaile nagusia izango litzateke, esportazioek BPGaren %59  suposatuko bailukete. Soilik Thailandia eta Arabiar Emirerri Batuak izango lituzke aurretik. Esportazio horien barruan, jakina, Espainiako Estatura saldutakoa ere zenbatu dute, eta espainiarren boikotak salmentak %40 gutxituko balitz zer gertatuko litzatekeen ere kalkulatu dute. "Boikot handi batekin zazpigarren mailara jaitsiko ginateke nazioarteko zerrendan. Hala ere, Alemaniaren aurretik geundeke", azaldu du Joan Canadell CCNko idazkari nagusiak.
Xavier Cuadras Pompeu Fabra unibertsitateko ekonomistak ere aztertu ditu boikotaren eraginak, eta kalteak "txikiak" izango liratekeela ondorioztatu du. Kataluniak gero eta gutxiago esportatzen du Espainiako Estatura (1987an %75; egun %46 inguru), eta gero eta gehiago gainerako herrialdeetara. Hau da, merkatu horrekiko dependentzia murrizten ari da; horrela, boikotaren eragina ere txikiagoa litzateke.

2005ean, esaterako, Kataluniako estatutu berriaren negoziazio garaian, cavaren kontra izandako boikotean Codorniuk %4,34ko jaitsiera izan zuen Espainiako salmentetan, eta Freixenetek %4. Espainiako merkatuarekiko dependentzia handiagoa zuten orduan, baina gaur egun Kataluniako cavaren esportazioen %74,3 EBko gainontzeko estatuetara joaten dira (2005an %58 bakarrik).

Cuadrasek aitortu du espainiarren boikotak eragina izango lukeela Kataluniako ekonomian, eta bi herrialdetako fluxu ekonomikoak aldatzea ekarriko lukeela. Enpresa katalan ugarik igar dezakte hori gainera: Nutrexpa (Cola Cao, Cuetara, La piara, Nocilla...), Gallina Blanca, Panrico edo Mangok, esate baterako. Hala ere, ez litzateke deskalabrurik gertatuko. "Espainian produktu katalanen salmenta %40 jaitsita eta enpresei zuzendutako salmentak %20 jaitsita, Kataluniako BPG %4 jaitsiko litzateke. Defizit fiskalak BPG %8 murrizten digu orain". Gainera, boikotak iraupen jakin bat izango lukeela uste du, espainiarrentzako ere kalte ekonomikoa izango litzatekeelako, ordezko produktuak aurkitu beharko lituzketelako, ziurrenik garestiago. "Cava ez erosteagatik xanpaina erosi behar baduzu, askoz garestiagoa da". Bestalde, pentsa daiteke kataluniarrek ere espainiarren erreakzio sozial bera izan dezaketela, eta boikota simetriko bihurtu.

Eta bankuekin zer?

Baina badira boikoterako beste bide batzuk ere, are mingarriagoak. Diez ekonomistak buruan du bat: "Kataluniako banku gehienek porrot egin dute, baina La Caixak eta Sabadellek ere porrot egingo lukete independentziarekin. Balantza fiskalak kalkulatzen ari dira, baina inork ez du neurtu Kataluniaren kanpo zor garbia. La Caixak 25 urteko hipotekadun zordunak izango lituzke Espainian, baina hipoteka horiek finantzatzen dituzten gordailuek ihesaldi masiboa izango lukete beste erakunde batzuetara. Arazoa da La Caixak gordailu gehiago dituela Espainian Katalunian bertan baino. Nork ordezkatuko ditu gordailu horiek?".

"Mehatxu garrantzitsua da", aitortu du Cuadrasek. "Espainian bestelako marka batzuk erabiltzea litzateke aukera bat. Banca Civica, adibidez. Baina, dena den, mehatxu garrantzitsua da". Horrela daude Kataluniako enpresari asko: iraganeko eskarmentuak zailduta, baina, mehatxu berriek sortzen duten ziurgabetasunak arduratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.