'Muga efektua' eta aurrekarien borroka

Estatu bat bitan zatitzean haien arteko salmentak txikitzen direla diote unionistek, eta «esportazioen eztanda» gertatzen dela subiranistek.

Jon Fernandez.
2012ko azaroaren 18a
10:47
Entzun

Estatuen mugek garrantzia dute, eta handia gainera. Convivencia Civica Catalana (CCC) erakundeak argitaratutako Las cuentas claras de Cataluña (Kataluniako kontuak argi) txostenak horixe frogatu nahi du, eta estatu muga berri horiek Kataluniaren esportazioen kalterako izango liratekeela. "Muga horiek ez existitzeak aupatu egiten ditu lurraldeen arteko harreman komertzialak, baina mugak jartzeak merkataritzaren beherakada drastikoa eragiten du". Hau da, estatu bat bitan zatitzen denean, euren arteko merkataritza fluxua nabarmen jaisten da.

Alemaniako landerrek euren artean Europako Batasuneko gainontzeko lurraldeekin baino hiru aldiz salerosketa gehiago daukate, CCCk nabarmendu duenez. EBren barruan egonda ere estatuen muga politikoek merkataritzarako berebiziko garrantzia dutela dio txostenak, eta hainbat datu gogorarazi ditu. Esate baterako, Kataluniak gehiago saltzen dio Murtziari (1.917 milioi euro) AEBei baino (1.411 milioi euro), gehiago esportatzen du Galiziara (1.356 milioi euro) Txinara baino (677 milioi euro), produktu gehiago erosten dizkio Aragoik (6.761 milioi euro) Alemaniak baino (4.651 milioi euro). Enpresa katalanentzako hamabost merkatu nagusietatik hamar Espainiako autonomia erkidegoak dira, txostenaren arabera. 2010eko datuak dira denak, eta estatu burujabe bihurtuz gero, Espainiako Estatuko merkatuen eskariaren zati handi bat galduko lukeela aurreikusten du CCCk.

Bonneko Unibertsitateko (Alemania) ZEI Europako Integraziorako Ikerketen Zentroaren ikerketa batean oinarritu da CCC Kataluniak Espainiako merkatuan izango lukeen "beherakada drastikoa" iragartzeko. Azken 25 urteetan Europan izan diren estatu zatiketa kasu nagusiak aztertu ditu ZEIk. Ondorio nagusia, muga politiko berri baten sorrerak lehendik existitzen zen harreman komertziala %33 eta %66 bitartean murrizten duela.

Hainbat adibide aipatzen ditu txostenak. Txekia eta Eslovakia bereiztu eta lau urtera, 1997an, bi lurraldeen arteko salerosketa zatiketaren aurreko urteetan baino %65 txikiagoa zen. SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna 1991ean desegin eta Letoniak eta Lituaniak independentzia lortu eta lau urtera bi herrialdeen  arteko merkataritza fluxua %55 jaitsi zen. Bestetik, 1992an Jugoslavia ohiarengandik independizatu ziren Eslovenia eta Kroaziaren arteko harreman komertzialak %61ean egin zuen behera lau urteko epean.

Esportazioen eztanda

Aurrekari horiek aintzat hartuta, estatu propioa sortuz gero Kataluniak Espainian dituen salmentak %50 jaitsiko liratekeela iragarri du CCCk. Kolpe horrek, konpainia handien balizko deslokalizazioarekin batera (Volkswagen-Audik, Seatek eta Planetak seguruenik alde egingo luketela iragarri du) sei langiletik batek lanpostua galtzea ekarriko luke, eta langabezia tasa 17 puntutan igoko luke, txostenaren arabera.

Xavier Cuadras Pompeu Fabra unibertsitateko ekonomistak ez du bat egiten iragarpen katastrofista horiekin, eta Kataluniaren bideragarritasuna frogatzeko CatDem fundazioarekin argitaratutako txostenean CCCk aipatutako aurrekari berberak aipatu ditu, baina hark ezkutatutako alderdiak azaleratzeko.

Independentzia lortu eta lehen hiru urteetan munduko merkatu berrietarako "esportazio eztanda" bizi izan zuten Txekiak eta Eslovakiak, Cuadrasek azaldu duenez. Lehenak %51 hazi zituen atzerrirako salmentak, eta bigarrenak %62; bi kasuetan EBko estatuetara hazi ziren gehien esportazioak. Alegia, antzinako estatukidearekin merkataritza harremana txikitu arren, nazioartekoarekin berdindu zuten.

Gainera, aurrekariak aipatzerakoan testuingurua ondo aztertu beharra dagoela dio Cuadrasek: eragin handia dute independentziara iristeko prozesu motak (indarkeriazkoa ala baketsua) edota estatu horiek duten diru batasuna. Dena ez dela konparagarria alegia.

Era berean, 1994tik 1997ra Lituaniak Errusiara egindako esportazioak %65 igo zirela gogorarazi du Cuadrasek (eta esportazioak, oro har, %90). Urte tarte berean, Estoniak Errusiatik kanpo egindako esportazioak %70 hazi ziren, eta Letoniarenak %75, gehienak EBra.

Jordi Pujol Generalitateko presidente ohiaren ustez zailtasunak izango lituzke Kataluniak hasieran, "Finlandian, Estonian, Eslovenian edota Austria-Hungariako Inperiotik atera zenean Austrian gertatu zen bezala". Baina eurak legez, Kataluniak ere lortuko luke zailtasunak gainditzea. Gainera, aurrekari horien emaitza "bikaina" izan dela nabarmendu du Pujolek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.