HEDABIDEAK

Euskarazko hedabideek elkar hartu dute, "ahots bateratua" izateko

Hekimen elkartea sortu dute publiko ez diren euskarazko komunikabideek. Euskaldunek behar duten "eremu komunikatibo sendoa" garatzea jarri dute helburu, eta Euskal Hedabideen Behatokia sortzea dute buruan, beste hainbat eragilerekin batera. Iban Arantzabal izango da elkarteko presidentea. Bideoa: gaurko aurkezpena.

Hekimeneko kideak gaur, Donostian.
Hekimeneko kideak gaur, Donostian. / Gari Garaialde/ARP

Garikoitz Goikoetxea (Donostia) -

2012ko azaroak 21

Elkar hartzea erabaki dute publikoak ez diren euskarazko hedabideek. Hekimen elkartea sortu dute, “ahots bateratua” izateko. “Jakitun gara: bakarka baino, elkarrekin hobeto egingo diogu aurre dugun egoera latzari”. Euskarazko hedabideak izatea nahitaezkoa dela ohartarazi dute, eta alor hori garatzen egin nahi dute ahalegina. Iban Arantzabal (Tokikom elkarteko zuzendaria) izango da Hekimen elkarteko presidentea.

Aurkezpena gaur goizean egin dute, Donostian. Finean, orain bi urte hasitako elkarlanaren fruitua da komunikabideen elkartea. Elkarlana “bideratzea” izango da Hekimenen xedea. Euskarazko hedabideena “esparru txikia” izanda ere, garrantzizkoa dela nabarmendu dute: “Asko gara, eta pertsona askorengana iristen gara”. Hori ikusita, euskaldunek behar duten “eremu komunikatibo sendoa” garatzea jarri dute erronka.

Erakundeen aurrean egin beharko dute indar, besteak beste. “Serio berba egin beharko dugu diru laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz...”. Ohartarazi dute beste alor batzuetan adina indar ez dutela jarri erakundeek publikoak ez diren euskarazko hedabideetan: “Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabideen sare zabala behar bezala babesteko”.

Euskal Hedabideen Behatokia sortzea jarriko die mahai gainean Hekimen elkarteak beste eragile batzuei. Aztergaiak ere zehaztu dituzte: ikerketa, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak... “Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna